Mila atrakatzaile lanean baino lapurrago da, oharkabean, banku bat lanean.
-Gosariak-
Amaitu omen zen historia eta amaitu omen ziren esklabotzaren garaiak ere. Espetxeak zabortegi eta mundua panoptiko bihurtu duen kapitalismo honetan, ordea, inoiz baino ageriago dago gezur horien neurria. Zer esanik ez lerrook idazterako orduan, salbuespen egoera global honetan. Baina bestela ere aski da, adibidez, Espetxe instituzioari begiratu bat ematea. “Askatasunaren herrialdea” da (AEB) munduan batezbeste preso populazio handiena duena. Hango 1.700 presondegiak batean jarriko bagenitu, laugarren hiririk handiena litzateke “hiri” hori, New Yorken, Los Angelesen eta Chicagoren atzetik. Azken 40 urteetan %500 hazi den 2,3 milioi pertsonaz osatutako azpigizarte bat. Zertarako, ordea? Zer funtzio du espetxeak sistema kapitalistan?
Bere ekoizpen modua gizartean inposatu duen klase sozial dominan-teak bere nagusitasun historikoa bermatzea da, funtsean, zuzenbide burgesaren egitekoa. Espetxea, zehazki, feudalismo ondorengo langile “librea” diziplinatzeko eratu zen, eta kapitalismoaren garapenarekin, proletalgoaren kontrol terrorista ezartzeko funtzio politikoa betetzeko instituzio bilakatu da. Biztanleriarekiko batezbestekoa AEBetan baino baxuagoa da Europar Batasuneko herrialdeetan, baina helburu eta izaera kriminal bera dago atzean, beste egitura ugarirekin batera. Batezbeste, astero hiru preso erailtzen dituzte Espainiako Estatuko kartzeletan, eta Europako inguruko estatuetan estatistika ez da baxuagoa. Osasun-arreta berez eskasa bada, esanguratsua da, adibidez, espetxeetako osasungintzako plazen %30 bete gabe egotea.
Espetxearen eta gizarte egituren arteko lotura horixe da gaur egungo “askatasuna desjabetzeko zigorraren” paradoxa. Leku itxiak dira kartzelak, “gizarte libretik” bereizia eta bakartua da presoa, baina bereizketa hori itxurazkoa da erreala baino gehiago, moralismo eta ideologia burgesez mozorrotua. Delitugilea modu indibidual eta “boluntarioan” da delitugile -inoiz ez ekonomikoki eta sozialki determinatuta-, baina klasismo kirats nabarmena darion justizia ezartzen zaio. Izan ere, espetxea ez da gizarte kapitalistan ezarri nahi diren edo dagoeneko existitzen diren eredu ekonomiko eta sozialen isla besterik -eta, alderantziz, espetxekoaren antza gero eta handiagoa du askorentzat “kanpoko” bizimoduak, humanitate oroz desjabetuta-.
Gizarte “libreak” bezala, bere arauak, sailkapenak, ordutegiak, tramiteak, figura diziplinatzaileak, bere sariak eta bere zigorrak ditu espetxeak ere. Burgesiaren politika hiltzaile orokorraren zerbitzura jarritako politika hiltzaile bat gehiago da, bere gezurra “birgizarteratze laboral eta sozialaren” mitoan eta bere izaera kriminala “heriotza naturaletan” esplizitatzen duena. Egotekotan, sisteman baino, biziraupen baldintzetan eta erailketen estatistiketan dago diferentzia: Espainiako Estatuan, kanpoan baino bost bider handiagoa da suizidio tasa espetxeetan; Frantziakoan, hamar aldiz handiagoa. Guztiarekin ere, espetxean, beste erailketa modu batzuek gain hartzen diete “suizidioei”: “gaixotasunek” eta “droga gaindosiek”. Agerian geratzen da gezurra, beraz: estatua erabat arduragabea da bere ardurapera behartu eta “birgizarteratu” nahi dituen horiekin.
ESPETXEA ETA DISIDENTZIA POLITIKOA: EUSKAL HERRIKO HISTORIA HURBILA
Euskal Herriko historia hurbilean presente dago espetxea, indar handia izan baitu disidentzia politikoa suntsitzeko arma gisara. Espetxe politika zehatz bat ezarri zaie, torturarekin batera; sakabanaketa eta muturreko isolamendua, “borroka antiterroristan” oinarrituta. Sarraskiguneak erresistentziarako lubaki bihurtu dituzte, ordea, hamarkadetan zehar, milaka militantek. Aparteko lanketa behar luke horrek guztiak, baina datu batzukaipatzea ez dago soberan. Euskal Memoria fundazioaren arabera, 1936ko altxamendu frankistaren ondorengo gerra amaitutakoan, 40.000 euskal preso politiko inguru zeuden. Urteek aurrera egin ahala behera egin zuen kopuru horrek, besteak beste, hiru indultu orokor ezarri zituelako Francok. Ez zen erraza izan diktadurako etsipen giroari buelta ematea, baina gazte ero batzuen ekimenak borroka lehen lerrora ekarri zuen berriz.
ETA agertzeak eta haren aurkako errepresioak atxiloketa eta espetxeratze oldeak ekarri zituen berriz. 1975ean, 632 euskal preso politiko zeuden, Euskal Memoriaren arabera. Sasi-amnistien ondoren, ordea, hustu bezain azkar bete ziren espetxeak berriz. Geroztik, gorabeherak izan ditu preso politikokopuruak, baina argi ikus daiteke estatuak nola erabili nahi izan dituen, une historiko jakinetan, mugimendu osoak higatzeko. Ez da kasualitatera EPPK-ko preso kopuru handienak negoziazio eta su-eten garaietan izatea, adibidez, edo Argeleko negoziazioen hausturaren ondoren ezartzea sakabanaketa politika. 1978tik bertatik hasita, 2008koa da preso politiko kopururik handiena: 755. Ezker Abertzalea eztabaida estrategikoarekin hastera zihoanekoa, hain zuzen. Bateragune auzia jartzen da maiz adibide modura, baina ehunka izan dira garai bertsuan atxilotutako militanteak.
Torturarena ere itzal handi bat da sektore militante askotan, eta harago ere bai. Euskal Memoriak 5.655 tortura kasu ditu dokumentatuta 1960ko hamarkadatik, baina jakina da opakutasuna eta inpunitatea direla torturaren ezaugarri behinetakoak, eta beraz, askoz gehiago direla benetan infernu hori sufritu dutenak. Eta sufritzen dutenak. Maiz aurkakoa badirudi ere, ohartarazi beharra baitago tortura ez dela iraganeko kontua.
Batetik, forma jakin batean gutxiago gertatu arren (legedi “antiterroris-tekin”, inkomunikaziopean...), beste esparru eta errealitate askotan ere erabiltzen direlako torturak eta tratu txarrak. CPDTren azken txostenaren arabera, 2017an 1.014 pertsonak salatu zuten Espainiako Estatuan tortura edo tratu txarrak jasan izana -Hego Euskal Herrian, hiruk-. Gehienek, militantzia sozial eta politikoarekin eta migranteen aurkako errepresioarekin lotuta. Baina tortura ez da iragana, batez ere, inpunitatea delako tortura sistematiko bihurtzen duena, eta praktika hori ahalbidetzen duten makineria legal, politiko eta ideologikoak bere horretan dirautelako, estatuari beharrezko zaionerako. Esanguratsua da, CPDTren azken urteetako datuak ikusita, M15 mugimenduaren garaian eta Kataluniako Printzipateko gatazka garaietan egondako tratu txar salaketen gorakada.
Estatuak bahituta jarraitzen duten militanteen borroka bihotzean, krisi kapitalistaren testuinguruan argi ikus dezakegu sistemaren kontraesanetan eta klase borrokan zuzenean esku hartzen duela instituzio horrek. Euskal Herrian bertan, modurik gordinenean azalarazten dute biolentzia estruktural hori, esaterako, iazko Zaballako bost erailketek eta otsail amaierako Baionako erailketak.
ESPETXEAREN SORRERAZ ETA GARAPENAZ
Materialismo historikotik, bi ikuspegitatik aztertu izan dira nagusiki zuzenbide penala, zigorra eta espetxea (Carolina Prado, 2004)6. Batetik, fenomeno historiko-sozial gisara uler liteke zigorra, proletalgoari merkatuaren diktadura ezartzeko, soldatapeko lanerako diziplinatzeko prozesu modura (Rusche eta Krichheimer; Melossi eta Pavarini...). Bestetik, estatuaren aparatu errepresore eta ideologiko modura, sarreran aipatu bezala, proletalgoaren kontrol terrorista ezartzeko funtzio politiko gisara (Pashukanis, Hay...). Zentzu horretan, funtsezkoa da Foucalten ekarpena ere, gizartearen izaera diziplinatzailea nabarmentzeko eta politika punitiboen garapena ulertzeko; exekuzio publiko eta espektakularretatik gorputzaren ekonomiara eta haren erabilera politikora, mendekotasunaren eta beldurraren bidez, gorputza produkzio indar bilakatzeko.
Lehena eta bigarrena, helburu produktibista eta delitugilea proletario sumiso gisara birgizarteratzeko xedea, espetxeak biak izan ditu jomugan historikoki, baina garapen kapitalistarekin batera, gehiago bideratu da bigarrenera, Mellossiren eta Pavariniren esanetan. Edozein modutan, gatazkak funtsean klase sozialen artekoak direla ulertzean datza gakoa: ekoizpen harremanak eta indarrak, eta haiek dakarten egitura soziala ulertzean.
Pashukanisen hitzetan, merkatuak libre eta berdinen artekotzat irudikatzen duen “trukearen bariante partikular bat” da delitua, eta zigorra, berriz, “biktimak jasandako kaltea ordezkatzeko eta orekatzeko” mekanismoa. Zuzenbidearen klase izaera hori gogoan, Melossik azaltzen du expiatio(mendekua) bidez funtzionatzen zuela zigorrak Erdi Aroan; ez zegoen “denboran neurtu zitekeen lanik” (soldatapeko lanik, alegia), eta balio soziala zuen hura kenduz gauzatzen zen mendekua: bizitza, osotasun fisikoa, dirua, estatusa... Zuzenbide kanonikoan, usque ad correctionem ziren zigorrak, damutu edo “zuzendu” arteko penitentzia, alegia; ez zituzten, ordea, lanera behartzen.
Rusche eta Krichheimerrek (1984) azaldu zuten Erdi Aroan, lan-eskua oparoa zenean, politika kriminal zorrotzak ezartzen zirela (heriotza zigorrak, anputazioak...), baina ondoren, lan-esku horren beraren eskaria handitzean, politika horixe bera saiatzen zela nolabait “arau-hausleak bizirik mantentzen”. Hor kokatuko litzateke espetxearen sorrera, egile horien ikuspegian. Beti muga argi batekin, noski: espetxeetako lan eta bizi baldintzak beti izan behar dira “gizarte librekoak” baino okerragoak, zigorraren zentzua gal ez dadin.
Erdi Aroko nekazal gizartetik gizarte industrial burgeserako igarobidean, ez dago jada lotura zuzenik esklabu eta jauntxoen artean. “Koakzio ekonomiko bidez” gidatzen da esklabotza berria, eta langile asko “legez kanpo” geratzen dira: bagabundoen, bandidoen garaia da, uzta lapurretena, nekazarien matxinadena. Bi ekoizpen ereduen arteko trantsizio luze horretan, lanaren eskaria eta eskaintza orekatu artean proletalgoak abantailarik har ez dezan, lan behartuetara jotzen da.
Bide hori nola egin zuten ikusteko, esanguratsua da Ingalaterrako adibidea. “Lur guztiak itxi dituzte hesiekin”, kontatzen zuen Thomas Morok (1516) lur komunalen lapurretaz ari zela. Manufaktura berriak ezin zituen nekazari desjabetu horiek hartu kanporatuak ziren erritmo berean: ezin ziren kolpera egokitu egoera berriak ekarritako diziplinara. Alferkeriaren aurkako legedia odoltsuak zabaldu ziren mendebaldeko Europan XVI. mendean. Ingalaterrako erregeak Bridewell gaztelua erabiltzea baimendu zuen “eskale, bandido, alper” eta gainerakoak biltzeko eta lanaren eta diziplinaren bidez haiek “erreformatzeko”.
Melossik ohartarazten du, ordea, “delinkuente boluntario gisara” tratatzen zituela legediak: “Suposatzen zuen beren borondate onaren araberakoa zela dagoeneko existitzen ez ziren baldintza zaharretan lanean jarraitzea”. Indibiduoaren moralaren gain jartzen da erantzukizuna, nolabait, egitura ekonomiko eta sozialak baldintzatutako testuingurutik bereizita.
Puntu honetan, garrantzitsua da ulertzea biziraupenerako, subsidiorako sistema orokorrarekin batera garatzen dela espetxe instituzioaren jaiotza. Isabel erreginaren garaiko (XVI) Poor Law legearen arabera, esaterako, “pobre inpotenteak” (lanerako ezinduak) mantendu behar zituen sistemak, baina lana bermatu behar zien gainerakoei. Bigarren hori ez zuten lortu; errepresio bideak indartzea baino ez zuen ekarri benetan. Herrialde osora zabaldu ziren “korrekzio etxe” izenekoak. Legez, eta praktikan, langilea behartuta zegoen edozein lan onartzera, “lana ematen zuenak” ezarritako baldintzetan. Lege haren moldaketek 1948ra arte iraun zuten, Asistentziarako Lege Nazionalak ordezkatu zituen arte.
GIZARTE DIZIPLINATZAILERANTZ
Europan, oro har, asistentzia sistema organiko eta zentralizatuekin batera dator hertsatze behartuaren zabalpena, gaur egungo espetxearen logika. Holandan, adibidez, baliabide oroz desjabetuak Rasphuis edo lan-etxe delakoen bidez behartu zituzten fabrikako diziplinara XVII. mendean. Edo Frantzian, esaterako, l ́Hopital deiturikoen bidez, XVII. mendearen erdialdetik aurrera orokortzen da hertsatze behartua, gero eta gehiago, lanarekin lotuta baino, hertsatze hutsarekin lotuta, funtzio errepresibo soilarekin. Egoera ulertzeko, adibide esanguratsua da Parisko datua: XVI. mendean,populazioaren heren bat osatzen zuten bagabundo deitutakoek.
Hasieratik geratzen da agerian, ordea, jabetza pribatuaren eta klase dominanteen hipokresia. Thomas Münzter teologo alemaniar eta nekazal matxinadetako liderrak, esaterako, halaxe zioen erreforma protestantearen garaian, Lutero aipatuz: “Usurero, lapur eta bandido okerrenak gure printzipeak dira, existitzen den guztiaz jabetzen baitira. Uretako arrainek eta zeruko hegaztiek, haienak behar dute izan, nonbait (Isaias V). Eta gero, gainera, ez dute lotsarik pobreari Jainkoaren mandamentuak predikatzeko”.
Gerora, kapitalismoaren garapenean, lotura argiak ikus litezke beste instituzio diziplinatzaile batzuekin ere, Foucaultek sakondutako bidetik. Espetxeak bezala, funtzio horretarako mekanismo errepresibo gisara irakur litezke bestelako hertsatze zentroak ere, psikiatria edo eskola bera, besteak beste. Marra fina da legala eta ilegala bereizten dituena, zer den baimendua eta zer ez, eta gizarte egiturekin batera mugitzen da marra hori, moldatzen du gizartea bera. Helburua, ordea, argia da beti, Foucalten esanetan: botereari interesatzen zaizkion jokabideen normalizazioa. Klase dominanteak fragmentazio bidez irabazten du boterea, soilik baimendutako jokabideak normalizatzen dituenean.
Historia horrek guztiak zer eman duen ondo deskribatzen du Victor Sergek, bere azalean nozitu ondoren. XX. mendearen hasieran, hala definitzen zuen espetxe fantsesa: “Erokeria mekanizatu bat bizi da han (...). Erregimen Zaharreko tradizio penaletan oinarritutako aparatu bati, zigorraren ideia erlijiosoari eta administrazio moderno handien xehetasunari esker lortutako emaitza da (...). Gaizkile eta hondakinak ekoizteko makina hori garesti irteten da, funtzio erabilgarririk bete gabe. Baina bere generoan, baita bere arkitekturan ere, perfekzio moduko bat eskuratu du (...). Pertsonak trituratzeko makina bat da”.
Espetxearen eta gizartea diziplinatzeko bestelako mekanismoen artean, sarri izan da aztertua Panoptikoaren ideia. Pavarinik azaltzen duenez, ingeles burgesia gorakorraren ordezkari Jeremy Benthamen proiektu batean du jatorria. 1787koa da lehen proiektua, behatze eta bakartze printzipioak ezarri zituena. Haren helburua zen eraginkortasun produktiboa bilatzeko kontrol sistema punitiboa garatzea. Pavarini: “Panoptikoaren ideia edozein eratako eraikinetan ezar daiteke, edozein eratako pertsonak inspekziopean edukitzeko; zehazki, espetxeak, industria etxeak, workhouse-ak, poorhouse-ak, manufakturak, manikomioak, lazaretoak, ospitaleak eta eskolak”.
Behatze printzipioaren arabera, “kriminalarekiko” sistemaren interesa da hura aztertzea, sailkatzea, manipulatzea eta eraldatzea, bizi izan duen errealitate soziala, eta berriz bizi izango duena, aintzat hartu gabe. Kriminalaren figura hori instituzionalizatzen da, delitugilea “espetxeratu” bilakatzeko. Azken batean, “kriminala eraldatzea, eta irudikapen burgesaren arabera desjabetu batek izan behar duen hartara bihurtzea” da xedea.
Bakartzearen bidez, kanpoko sentsazio guztiak erauzten zaizkio espetxeratuari; bakarrik sentitzen da bere behar materialen aurrean. Subjektu abstraktu bihurtzen da. Aniztasun guztia ezabatzen zaio, espetxeratu bat besterik ez da espetxearentzat. Horrela, burujabetza administratiboaren mendeko bihurtzen da erabat, eta suntsipenari eta eromenari ihesbide bakarra uzten zaio: menderatuaren forma morala, hau da, “proletalgoaren forma morala” inposatzen zaio desjabetuari, baldintza existentzial modura. Burgesiarentzat baino ezin izan ahal izatea, nolabait esateko.
Horren guztiaren helburua argia da: proiektu hegemoniko burgesa gauzatzea. Soldatapeko lanerako diziplinatzea, nork bere beharrak asetzeko medio bakar gisara: desjabetu izatearen “heziketa eta onarpena”. Subjektua behar existentzial hutsera mugatzea, bizirauteko irteera bakarra utziz. Garapenak garapen, oinarrian, horixe izan da orain arte espetxearen funtzionamendua, bestelako mekanismo batzuekin batera. Aztertzekoak dira, esaterako, arkitekturaren garapena, diziplina instituzionala ezartzeko moduena, denboraren antolamendua, edo nola “lana lortzea” lotzen den sari gisako batekin gero eta gehiago. Espetxearekin sumisoena denak, “ondoen portatzen denak” lortuko du “lanik onena”, esplotazioa pribilegio modura ikusteraino.
ONGIZATE ESTATUA ETA BIRGIZARTZERATZEAREN MITOA: PARADIGMA ALDAKETA?
Egitura ekonomiko eta sozialek, eta kontrol sozialerako klase dominantearen unean uneko helburuek determinatu dute, beraz, espetxearen garapena. Gaur egun, errealitate anitzetan oinarritzen da politika hiltzaile hori: balizko “segurtasun” baten defentsa soziala, delinkuentea “berreskuratzearen eta heztearen” mitoa, zigor punitibo hutsa, mikrokosmo diziplinario idealak...
Badira, ordea, krisi kapitalista honen testuinguruan garrantzia hartzen duten bi gertakari, gutxienez. Krisia bera, batetik: 2008tik aurrera batez ere, Ongizate Estaturen paradigmaren krisia areagotu du Europa mailako proletarizazio prozesuak. Bestetik, 2001eko irailaren 11ko gertakarien ondorena: pauso atzeraezinak eman dituzte estatu inperialistek gerraren logikan, era guztietako eskubideen murrizketan eta kontrol sozialean, “politika antiterroristen” aitzakian. Frantziako etengabeko salbuespen egoerak adibide argia dira Europan.
Arlo askotan estatuaren “atzera egite” moduko bat gertatu dela dio Pradok, hain juxtu, politika polizial eta penitentziarioetan izan ezik. Parisen, adibide bat ematearren, estatuak hutsik utzitako gizarte zerbitzuetako eraikinak okupatzen ari dira Libiako gerratik ihes egindako langile migranteak, eta estatuaren erantzun bakarra da polizia ejertzito bat bidaltzea haiek bortizki kanporatzera.
Hori guztia ez da soilik Poliziaren kontu bat, nolabait esateko. Zenbaitek nabarmendu dute, esaterako, torturaren justifikazioa nola bultzatzen den, gero eta nabarmenago, zineman eta telesailen industrian. Polizia medio gisara uler baitaiteke, kapitalaren zerbitzura jarritako biolentziaren monopolio gisara, baina baita Polizia helburu gisara ere: oro har, jendartean zabaldu beharreko jarrera modura, hiritar onaren figura modura. Joera horiek indartuta ageri zaizkigu, esaterako, Covid-19 pandemiaren eta haren inguruan eratutako ofentsiba guztiaren harira.
Testuinguru honetan, horrek guztiak espetxe sisteman nola eragin dezakeen galdetzen du C. Pradok 2014an aurkeztutako tesian. Hau da, “askatasuna desjabetzeko zigorraren auzia” bere testuinguru sozial eta historikoarekin jartzen du harremanetan, eta azaltzen du langile masa handi batentzat desagertzen ari dela “lan humanoaren kontzeptu klasikoa”, edo horretarako sarbidea. “Horretarako sarbiderik gabe, sistematik kanporatuak jazarpen penalaren foku bihurtzen dira bide batez, dagoeneko bergizarteratzeko horizonterik eskaintzen ez duten biltegi-espetxeetarako edozabortegi-espetxeetarako hautagai perfektuak”.
Kaliforniako (AEB) espetxe sistema eredu hartuta eta zehazki Kataluniako autonomia erkidegoko sistema aztertuz, gutxienez hipotesi interesgarriak planteatzen ditu Pradok. Haren esanetan, 2008ko krisiak erakutsi duen gauzetako bat izan da nola gaur egun, periferiako herrialdeek ez ezik, zentro kapitalistan kokatutakoek ere sufritzen dutela nazioarteko kapitalak enpleguaren eta soldataren gainean ezarritako presioa. “Gaur egun, birgizarteratzea utopia gisara soilik uler liteke, edo hobe esan, erretropia gisara: dagoeneko ezin da historian atzera egin paradigma fordistako baldintzak berreraikitzeko. Gordinki, egungo testuinguru postfordistan, presoen birgizarteratze sozial eta laborala aporia hutsa da, hau da, zentzugabekeria, kasik lanik ez dagoen gizarte batean”.
“Birgizarteratzea” mito bat besterik ez da sistema kapitalista honetan, “bizikidetzarako espetxe politika” edo “espetxe politika humanizatu” bat bezainbeste. Espetxea bera baita politika hiltzaile bat, osotasunean. Bertold Brehcten “zer da banku bat lapurtzea fundatzearen aldean?” hura parafraseatuz,beldurrik gabe galde dezakegu gaur: Zer da delinkuentzia (terrorismoa?) Espetxe bat fundatzearen aldean? Kalean ere izan gaitezke bankuen esklabo, lanaren eta haren arauera moldatutako gizartearen preso; kartzelan ere libre izan gaitezkeen bezala, militante nahi bada, erresistentzian bada ere. Preso bizi gintezke edo erdi libre...
Espetxeak apurtzea, zentzu guztietan, ezinbesteko
betebeharra izango da klase bereizketan oinarritutako gizartea eta
haren zapalkuntza guztiak gainditu nahi dituenarentzat.