"Koronabirusak pertsona presoen osasunean eta eskubideetan izan dezakeen eraginak kezkatuta", Espainiako Barne Ministerioari eta Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari idazki bat aurkeztu diete 50 antolakunde baino gehiagok. Sinatzaileen artean daude Nafarroako Salhaketa, Arabako Salhaketa, Osabideak, Asociación Pro Derechos Humanos de Andalucía (APDHA), edota el Observatori del Sistema Penal i els Drets Humans o la Coordinadora de Barrios. Modu horretan, "askatasunaz gabetutako pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeko" eta "espetxeetan koronabirusa kutsatzea ekiditeko" premiazko neurriak exijitu dituzte.
Sinatzaileek gogorarazi dutenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, "espetxe barruko mediku-arreta desegokia tratu ankerra edo umiliagarria izan daiteke". "Gerta daiteke, zigor-arloko justizia behar bezala administratzeko, neurri humanitarioak hartu behar izatea; hala nola, espetxetik irtetea edota zigorra etxean betetzea", adierazi dute. Gaixo dauden presoak edota adinekoak aipatu dituzte kasu horien artean.
Neurri zehatzak
Kartzeletan osasun arloan bizi duten "egoera kritikoa" eta "bereziki zaurgarria direnen artean koronabirusak izan ditzakeen eragina" kontuan hartuta, beraz, hainbat eskaera zehatz mahaigaineratu dituzte idazkian antolakunde sinatzaileek:
Isolamendu bikoitza eta debekuak
Azkeneko eskaera hori salaketa batekin lotu dute antolakundeek; izan ere, Barne Ministerioak iragarri zuen bertan behera utziko zuela kartzeletako komunikazio oro. "Une honetan ez du zentzurik gainerako herritarrek dituzten komunikazio-teknologiak espetxeetan ere ez ezartzeak", diote.
Hainbat mediok jakinarazi dutenez, Espainiako Estatuko zein Frantziako Estatuko presondegietan giltzapetuta daudenek askotariko ondorioak jasan dituzte salbuespen egoeraren barruan; bisiten debekuak, jardueren deuseztapena, komunikazio bideak mugatu izana, edota eremu irekietara irten ahal izatea (Frantzian), kasu. Frantziako Justizia Ministerioak bisita oro debekatu zuen martxoaren 17an, gutxienez martxoaren 31ra arte, eta Espainiako Estatuan martxoaren 12an ezarri zuten neurri hori.
Gainpopulazioa espetxean
Mahaira atera duten beste auzi bat da kartzeletan bizi duten gainpopulazioa, birusaren hedapenean izan dezakeen eraginarengatik. Esaterako, Europako bigarren espetxe handiena da Fresneskoa (Frantzia), eta bere gaitasuna gainditu zuen aspaldi: %160an dago beteta. Covid-19 birusak jota hil zen bertan 74 urteko pertsona bat, eta gutxienez beste bost kasu atzeman dituzte.