Atzo, urriak 9, izan zen Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiaren epaia, eta beste behin, ezezkoa eman zioten Frederic Haranburu Xistor baldintzapean aske uzteko eskaerari. Duela hilabete batzuk, kazeta honetan bertan argitaratu genuen Haranbururen eskaera ikertzen ari zirela. Auzitegiek argudiatu dute "desordena publikoa sortuko lukeela" preso politikoa Euskal Herriratzeak. Beren esanetan, ETA erakundeak berriz bere jardun armatua berrartuko balu, "arrisku bat" da Haranburu.
Haranbururen abokatuak, Maritxu Paulus Basurko, atzo hitz egin zuen epaiaren harira. Esan zuen ez dagoela ETA jardun armatura bueltatzeko arriskurik, eta adierazi zuen Haranburuk ez lukeela horretan jarduteko indarrik izango; 65 urte eta osasun arazo larriak ditu euskal presoak.
Atzoko epaia ikusirik, aztertzen ari dira Kasazio Epaitegira jo ala ez. Hamabost eguneko epea izango lukete horretarako. Atzo arratsaldean, epaiaren aurkako elkarretaratzea egin zuten Senperen (Lapurdi).
Ia 30 urte beteta kartzelan
Ia hogeita hamar urte bete ditu Xistor Haranburuk kartzelan. Egun, Lannemezango espetxean dago. 2008. urteaz geroztik du baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea, eta 2013an aurkeztu zuen lehenengoz, baina orduan ere, ezezkoa eman zioten.