Astrabuduan (Erandio, Bizkaia), familia bat jazartzen ari da desokupazio-enpresa bat. Mailegu-enpresa batek egindako iruzurraren ondorioz iazko azaroan etxea galdu ostean, hura berreskuratzea lortu zuen duela pare bat hilabete, Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik. Orain, baina, aurrez kaleratze-prozesua martxan jarri zuten mailegu-emaile iruzurgile berek kontratatu dute desokupazio-talde bat, familia berriz ere etxegabetzen saiatzeko; baina, oraingoan, legez kontrako bideetatik.
Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzo arratsalderako antolatu zuen bilera informatibo bat, egoeraren berri emateko. Hala, 17:30erako, hainbat eta hainbat pertsona bertaratu ziren Astrabuduako Josu Murueta Plazara. Desokupen presentzia salatzeaz gain, haien aurka antolatzera eta haiei aurre egitera deitu zuen sindikatuak, eta guztiontzako etxebizitza unibertsala bermatzeko bidean, berreskuratutako etxea defendatzeko asmoa berretsi zuen.