Bilboko (Bizkaia) Txori Barrote konpartsaren aurkako salaketa bat aurkeztu du aurten Dignidad y Justicia elkarteak, konpartsa horrek Aste Nagusirako prestatutako gunean preso politikoen argazkiak zeudela argudiatuta. Salaketa onartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok, eta ikerketa bat jarriko dute martxan, Txori Barrotek Aste Nagusian "terrorismoa goratu" ote zuen eta "terrorismoaren biktimak umiliatu" ote zituen ebazteko. Morenok, beraz, konpartsa horren jardunari buruzko informazioa lor dezala eskatu dio poliziari.
Dignidad y Justiciak esan zuen "modu nabarmenean" erakutsi zituela preso politikoen argazkiak Txori Barrotek, eta "iraintzat" jo zuen hori. Hala, argazkiak ken zitzatela eskatu zuen elkarteak —badirudi festetan ez zela halakorik agindu, hala ere—, baita auzi zehatz bat azter zezatela ere: preso politikoen aldeko materialaren eta janariaren salmenta Txori Barrote nahiz Kaixo konpartsetan. Zehazki, horiek salduz lortzen diren irabaziak nora bideratzen diren ikertzea nahi du. Txori Barrote ez da, beraz, Dignidad y Justiciak aurten jopuntuan jarri duen konpartsa bakarra; izan ere, Kaixo konpartsa ere salatu du, txosnagunean "presoen eskubideen aldeko bokatak" saltzea egotzita.
Auzibide gehiago
2010ean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten Txori Barroteko lau kidek, orduan ere, txosnagunean preso politikoen argazkiak erakusteagatik. "Terrorismoa goratzea" leporatu zieten, baina guztiak absolbitu zituzten azkenean.