Zazpi urteren ondoren, gainean da Leioako 5en kontrako epaiketa. Bihar, hilaren 27an, epaituko dituzte Bilbon (Bizkaia), eta ikaragarriak dira akusazioak mahai gainera atera dituen zigor eskaerak: 40 urteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte bostentzat, hamazazpina urtekoak, gazteetako biren kasuan. Gainera, osotara 45.000 eurora iritsiko liratekeen zigor ekonomikoak gehitu behar zaizkio horri.
Mobilizazio ugari egin dituzte azken asteetan Leioako 5ak aske gera daitezela exijitzeko eta errepresio politikoa gaitzesteko; auzipetutako bost ikasle ohien eskualdeetan nahiz Leioako (Bizkaia) campusean izan dira protestak eta gazteei babesa emateko deialdiak.
Biharko ere egin dute mobilizazio deialdi bat, epaitegiaren aurrean: goizeko 09:00etan Bilboko Albiako lorategietan biltzeko deia egin dute, Leioako 5en askatasuna beste behin aldarrikatzeko.
2016an zapaldutako aldarriak
Leioako campusean 2016an izandako manifestazio baten harira auzipetu zituzten Leioako 5ak. Egun horretan, ikasle mugimendua unibertsitatean jasaten ari zen errepresioa salatu zuten ikasleek, eta bost exijentzia egin zizkioten Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU/UPV), hainbat errepresio kasuri eta aldarriri lotuta. Exijentziak errektoretzari helarazi behar zizkiotenean, ordea, segurtasun-indar pribatuko eta Ertzaintzako poliziak oldartu ziren gazteen kontra. Hamabost ikasle zauritu zituzten, eta atxilo eraman zituzten beste bost, gerora auzipetu zituztenak egun horren harira.
Joan den larunbatean egindako mobilizazioetan, gogorarazi zuten 2016ko mobilizazio hori "bere izaera politikoagatik erreprimitu" zutela, "EHUk ikasle mugimenduaren aurka zeraman bide errepresiboa salatzea eta geldiaraztea zelako" helburua. Seinalatu zuten, beraz, Leioako 5en "konpromiso militantea" dela orain epaitu eta zigortu nahi dutena.
"Ikasle mugimenduak jasaten zuen arazo kolektibo baten aurka manifestatzeagatik dira epaituak", azpimarratu zuten. Hortaz, epaiketari eta bost auzipetuei jarri nahi dieten zigorrari ere "modu kolektiboan" aurre egiteko beharra nabarmendu zuten. Funtsezkotzat jo zuten, gainera, "errepresioaren aurrean, klase elkartasuna eta antolakuntza sustatzea" eta "amnistia osoa aldarrikatzea", "militantzia politikoaren aurkako errepresioak lekurik izango ez duen jendarte baten alde".
Ikusi hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Leioako 5en kasua puntuz puntu azaltzeko argitaratutako infografia.