ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Correo
2023/01/07 09:09
Espainiako Estatu osoko kaleetan 900.000 bideozaintza kamera inguru daudela estimatzen dute segurtasun industriako enpresek; 1.000 pertsonako, hemeretzi kamera inguru. Horren arabera, Espainiako Estatua biztanleko bideozaintza-kamera gehien dituzten munduko lehen hamalau herrialdeen artean egongo litzateke. Gainera, kopuru horri etxebizitzetan, enpresa zein negozioen barruan edota heziguneetan daudenak gehitu behar litzaizkioke. Hala ere, deigarria da biztanleriak kamera horien erabilerari buruz duen iritzia. Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC ) egindako inkesta baten arabera, biztanleen %68 bideozaintzaren alde daude Espainiako Estatuan.

Euskal Herrian ere zeresana eman du kameren erabilerak. Gipuzkoan, esaterako, poliziaren esku dauden kamera kopurua %30 handitu da azken bost urteetan. 2016an 664 bideozaintza-kamera zenbatu ziren bitartean, 2021erako gutxienez 854 instalatu zituzten lurralde horretako hemezortzi udalerritan. Kameren kontzentrazioa bereziki altua da Irunen eta Oreretan: batak 70 kamera ditu, eta besteak, aldiz, 103. Halakoak, baina, ez dira Gipuzkoan dauden kamera bakarrak. Espazio publiko zein pribatuetan enpresek kudeatutako beste hainbat kamera daude; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eremuetan, esaterako.

Adimen artifizialeko kamerak

Iruñerriko Gazte Koordinadora Sozialistak Nafarroako hiriburuan 59 kamera berri instalatu zirela salatu zuen joan den maiatzean. Guztira 297 kamera dira gaur egun Iruñeko kaleetan kokatuta daudenak, Euskal Herriko kopuru altuenetarikoarekin. Beranduago jakin denez, gailu horietako batzuk adimen artifizialeko teknologiaz hornituta daude, hau da, "gizabanakoen aurpegiak identifikatzeko eta delituak interpretatzeko gaitasuna" dute.

Kamera aurreratu horiek Gasteizen (Araba) jartzeko asmoa dute aurten, Gasteizko GKSk iazko azaroan salatu zuenez: "300 metrora, 360 graduko ikusmena" izango dute gailuek. Delituak antzeman, "gaizkileak" identifikatu eta poliziari abisua luzatzeko gai izango dira, dena segundu gutxiren buruan. Gasteizko Udalak berak aitortu izan duenez, "turistentzako espazio seguruagoa izateko helburuarekin" kokatu nahi dituzte.

Bodycam-ak Ertzaintzarentzat

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hiru milioi euro xahutu zituen iaz 1.387 bodycam-etan. Ekipamendu berria aurten jaso eta Ertzaintzaren agenteen artean erabiltzen hasteko asmoa dute. Patruilentzako kamera mugikor horiek ertzain bakoitzaren uniformean bertan eraman daitezke, eta esku-hartze polizialetan gertatzen den oro filmatzen dute.

"Proiektua Ertzaintzak Bilboko (Bizkaia), Gasteizko eta Irungo 30 patruilarekin egindako proba pilotuaz egindako balantze positiboaren ondoren gauzatuko da", azaldu zuen Josu Erkoreka Segurtasun Sailburuak. Polizia bakoitzaren uniformeetan atxikita joango diren kamera horiek, beraz, manifestazio, jaigiro eta kirol-ekitaldiak kontrolatzeko erabiliko dira gehienbat, baita trafikoko agenteentzako ere. Halere, azpimarragarria da kamera horien artean 300 Brigada Mobilarentzat izango direla; istiluen aurkako unitatearentzako.

Ertzaintzaren datu-basea

Ertzaintzaren artxiboan 67.000 fitxa polizial daude zabalik 1982tik gaurko egunera arte, atxilotutako pertsona guztien datuekin. Baina aurrekari polizialak dituzten pertsona guztiez gain, datu-basean 300.000 aurpegi eta 590.000 hatz-marka inguru metatuta dituztela azaldu zuen Ahoztar Zelaietak Hordago-n. Horien erdia baino gehiago duela gutxi txertatu dituztela azaldu zuen kazetariak, segurtasun informatikoko enpresa bati 3.200.000 euro ordainduta. Aurpegiak identifikatzeko teknologia duten kamerak lurraldean barrena kokatu eta datu-basea zabaltzen joan ahala, Ertzaintzak edonor, edonon eta edonoiz identifikatzeko gaitasuna garatu dezake.

NO HAY COMENTARIOS