ACTUALIDAD / Violencia machista
Bi bortxatzaile kondenatu dituzte Araban eta Nafarroan
Arabako epaileak frogatutzat jo du erasotzaileetako batek denbora luzez jazarri, kolpatu eta bortxatu ere egin zuela bikotekidea. Hamalau urteko zigorra ezarri dio. Nafarroako epaile batek, berriz, hiru urteko kartzela-zigorra jarri dio bigarren gizon bati, bikotekidea bortxatzeagatik eta tratu txarrak emateagatik.
2026eko ekainaren 19 - 05:00
Bi bortxatzaile kondenatu dituzte Araban eta Nafarroan

Arabako Probintzia Auzitegiak hamalau urteko espetxe-zigorra jarri dio gizonezko gazte bati, denbora luzez, bere bikotekideari eraso egiteagatik, Gasteizen. Zehazki, hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri dio emakumea bortxatzeagatik, eta urtebete eta bederatzi hilabetekoa tratu txarrak emateagatik. Zigor txikiago batzuk ere ipini dizkio kondenaren barruan, mehatxuengatik eta jazarpenagatik besteak beste.

Arabako Alea-k jaso duenez, 2019an hasi zuten harremana erasotzaileak eta emakumeak, adin txikikoak zirela. Handik gutxira hasi ziren tratu txarrak ere, kontrol zorrotza eta jazarpena tarteko: telefono mugikorra, nortasun-agiria eta garraiatzeko patinetea kentzen zizkion gizonak, besteak beste. Denborak aurrera egin ahala emakumea jotzen hasi zen, eta 2023ko urrian, kolpatu eta bortxatu egin zuen gau batean.

Biktimak amarekin hitzartuta zuen goizero deituko ziola telefonoz, eta hala egiten ez bazuen, Poliziari abisua emango ziola andreak. Bada, bortxatua izan zen gau horren biharamunean, neskak ez zuen ama telefonoz deitu, eta Poliziari hots egin zion hark. Erasotzailea atxilotu zuten orduan.

Bestalde, beste indarkeria kasu bat ere atera da argitara berriki, Nafarroan: izan ere, bertako Probintzia Auzitegiko epaile batek hiru urte eta hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio bigarren gizonezko bati, bere bikotekideari tratu txarrak emateagatik eta bera bortxatzeagatik. Gaztea da erasotzaile hori ere, 29 urte baititu, eta bi aringarri aplikatu dizkiote auzitegian: "buru-nahasmendua" izatea eta "kaltea konpondu" izana. 

Erasotzaileak gutxienez bi aldiz bortxatu zuen biktima, 2023ko udazkenean. Horrez gain, epaitegian bertan aitortu dute sarri iraintzen zuela, kolpatu egiten zuela eta jazarri egiten ziola beste pertsona batzuekin kontakturik eduki ez zezan.