ACTUALIDAD / Represión
Beste hiru hilabetez luzatu diote prebentziozko kartzelaldia Pablo Gonzalezi
"Isilpekoa" da auzitegiaren ebazpenaren arrazoia. Kazetariari behin-behineko espetxealdia luzatzen dioten hirugarren aldia da; ia bederatzi hilabete daramatza Polonian preso.
2022eko azaroaren 25
Beste hiru hilabetez luzatu diote prebentziozko kartzelaldia Pablo Gonzalezi

Prebentziozko kartzelaldian gatibu mantenduko dute Pablo Gonzalez Polonian, Przemysleskualdeko auzitegi batek atzo ebatzi zuen bezala. Beste hiru hilabetez luzatu diote behin-behineko atxiloaldia kazetariari, "isilpeko" arrazoiak direla-eta; aldeei soilik azalduko diete zergatik erabaki duen hori auzitegiak.

Otsail bukaeran atxilotu zuten Gonzalez Polonian, Ukrainako mugatik hurbil, kazetaritza lanak egiten ari zela. Hiru aldiz luzatu diote prebentziozko espetxealdia; maiatzean, abuztuan eta orain, azaroan. Atzera bota dituzte, gainera, defentsak jarritako helegiteak.

Gainera, inkomunikatuta daukate kazetaria. Berriki izan du bere gertuko baten aurreneko bisita, eta beraz, 267 egunez egon da bere hurbilekoekin inolako kontakturik izan gabe. Konfiantzazko abokatuarekin harremanetan egoten ere ez diote utzi.

Errusiaren alde espioi modura aritzea leporatzen diote, eta hamar urterainoko zigor bat jar diezaiokete. Oraindik ez dute zehaztu noiz epaituko duten.