ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/06 17:38

Urriaren 5ean argitaratu dituzte Frantziako Eliza Katolikoko kideek egindako sexu-erasoen datuak, salatutako kasuak kontuan harturik. 1950etik 2020era bitartean, orotara, adingabeei egindako 330.000 sexu-abusu zenbatu dituzte, horietatik 25 Baionako (Lapurdi) elizbarrutian. Apaizek egindako eraso gisa jaso dira 216.000 abusu, eta gainontzekoen artean daude Elizaren egiturako beste kide batzuek egindakoak. 

Erasotuak babesteko eta erasoak ikertzeko sortutako batzordeak ditu zenbaki horiek argitara eman, Elizaren "axolagabekeria" eta "erantzukizun eza" salatuz. Kaleratu duten txostenaren arabera, Baionako elizbarrutian, gutxienez hamahiru apaiz eta elizgizonek egin zieten eraso adingabekoei. Horietatik 25ek salatu dituzte jasandako erasoak; kasu gehienak preskribatuta badaude ere, eraso bat ikerketa fasean dago oraindik auzitegietan.

2006an jada polemika sortu zuen Elizako kideek egindako erasoen auziak, Baionako apezpikuak apaiz erasotzaile baten erasoen berri izan eta erantzunik eman ez zuenean. 2016an auziperatua izan zen apaiza, baina hor arte, elizbarrutiz lekualdatzeko erabakia baino ez zuen hartu Elizak.

Frantziako Estatuan, adingabeen aurkako erasoei dagokienez, Elizaren ingurunea da kasu gehien zenbatu dituzten hirugarren eremua. Familia eta lagunartea ditu aurretik.

Ipar Euskal Herriko Itaiak gogor salatu ditu erasoak, horiek jasan dituzten guztiei babesa adieraziz eta indarkeria orori aurre egiteko deia eginez.

NO HAY COMENTARIOS