ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/05/23 20:37

Polizia gazte ugariren aurka oldartu zen bart Azpeitian (Gipuzkoa), Izarraizko Atea parkearen inguruan; hainbat gazte zauritu eta lau lagun atxilotu zituzten ertzainek. Jazarpen polizialik ez, burgesiaren erasoaldia gelditu aldarri hartuta, ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean herriko plazan.

Mehatxua aurrez

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak nabarmendu dute, batetik, "atzo Ertzaintzak erabili zuen biolentzia eta dispositibo poliziala aurrez kalkulatutakoa izan zela". Izan ere, jakinarazi dute poliziak joan den asteazkenean egin ziela mehatxu hainbat gazteri, "larunbatean istiluak egongo zirela" esanda. Poliziaren presentzia aurreko asteetan ere "errepikatzen joan den gertakaria" izan arren, atzo arratsaldetik are nabarmenagoa izan zela adierazi dute.

Poliziak gauerdian jo zuen Izarraizko Atea parkearen inguruan zeuden gazte ugariren aurka, eta Mugimendu Sozialistako kideek seinalatu dutenez, "Ertzaintzak sekulako hedatzea egin zuen eta muturreko biolentzia erabili zuen". Besteak beste, gazteak kolpatu zituzten polizia-agenteek, eta foam jaurtigailuak ere baliatu zituzten haiei eraso egiteko.

Bestalde, Ertzaintzaren kargaren ostean ere izan zuen jarraipena jazarpen polizialak. "Gauean zehar poliziak herriko leku askotan jarraitu zuen jendearen atzetik, jendea identifikatuz, mehatxatuz eta jipoituz", azaldu du Mugimendu Sozialistak.

Ardurak eta arduradunak

"Gure salaketa, poliziari beste, horiei aginduak ematen dizkieten politikariei zuzentzen da, bai eta osasun-hondamendia eta estatu totalitarioa baimendu duten alderdi politiko guztiei ere", esan dute Mugimendu Sozialistako kideek atzoko gertakarien harira. "Agintariek eta politikari profesionalek osasun-larrialdiari aterabide poliziala ematea erabaki dute, eta horiek dira bizi dugun askatasunen ezabapenaren eta jazarpen polizialaren arduradun nagusiak", salatu dute. "Langileria pobrezian oinarritutako krisi testuinguru berrira egokitzen joateko bitarteko" gisara kokatu dute, beraz, "biolentzia polizialaren normalizazioa".

Gogor salatu dute, bestalde, "Azpeitiko Udalak udaltzaingoaren bidez atzoko gertakarietan Ertzaintzarekin kolaboratu izana". Mugimendu Sozialistak gaitzetsi duenez, "Ertzaintzak eskuragarri izan zituen udaltzaingoaren zerbitzuak, zeinak prestatutako operazioaren jakitun ziren".

Seinalatu dute "udaletxea kudeatzen duen alderdiak (EH Bilduk) ere baimendu" egin dituela "salbuespen estatua", "alarma egoera" nahiz "polizia-estatua". "Guretzat, udalaren baliabideak sektore kolpatuenen mesedetan jartzeko eta arazoei zapalduon ikuspegitik aterabideak emateko erabili beharko lirateke", aldarrikatu dute.

Atzo Azpeitian gertatutakoa, gainera, "testuinguru orokor batean" kokatu dute: "COVID-19ren pandemiaren harira, politikariek polizia-baliabideak handitu dituzte eta sektore sozial desberdinen aurkako eraso eta kriminalizazio saiakerak handitu dituzte. Kapitalismoaren joera totalitarioa bizi dugu eta burgesiaren erasoaldiak hamaika aurpegi hartzen ditu".

NO HAY COMENTARIOS