Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du Auzitegi Nazionalak aurreko urtean Saioa Sanchez, Beatriz Etxeberria eta Iñigo Zapirainen aurka ebatzitako zigorra. Sententzia horren arabera, 15 urteko espetxe zigorra bete beharko dute hiru preso politikoek. Horretaz gain, zigorra bete ostean, debekatuta izango dute, 10 urtez, Bilbon (Bizkaia) bizitzea, eta 25 urteko inhabilitazioa ere ezarri diete. Gainera, lehenagotik dituzten zigorrei gehituko zaie ebazpen berria, praktikan, biziarteko kartzela zigorrari bide emanez.
Bere garaian, Etxeberriak eta Zapirainek euren atxiloketak iraun zuen bitartean jasandako torturak salatu zituzten. Istanbulgo Protokoloak, alegia, NBEk barnebilzen duen torturen ikerketarako gidaliburuak, bien testigantzak eman zituen ontzat. Egun, ustez tortura kasu horiek ikertu ostean, eta Auzitegi Gorenak protokoloa aitortzen badu ere, ukatu egin du testigantzen sinesgarritasuna. psikologoek protokoloa bost urte beranduago ezarri zutenaren aitzakiapean. Hala, Gorenaren esanetan, atxilotuek bizi dituzten ondorio psikologikoak kartzelak eragindakoak izan daitezke, eta ez, ordea torturek eragindakoak.
Etxeberriak helegite bat irabazi zuen Estrasburgon duela zenbait urte. Bertan, onartu egin zuten Espainiako Estatuak ez zituela preso politikoak salatutako torturak ikertu, sexu erasoa barne. Auzitegiaren arabera, baina, erantzun horrek ez du esan nahi torturak izan zirenik, eta gertakariak Etxeberriak berak frogatu behar dituela galdegin du.
Torturapean egindako adierazpenak
Bestetik, hiru auzipetuei leporatu dizkieten gertakariei dagokienez, 2006. urtean jazotakoak dira: Bilboko (Bizkaia) INEMen bulego batean bonba bat jartzea egotzi diete. Etxeberriak zein Zapirainek ukatu egin dute gertakarietan parte hartu izana, eta haien burua errudun modura aitortu bazuten, Guardia Zibilaren eskuetan jasandako torturengatik izan zela azaldu dute.
Sanchezek ekintzan parte hartu zuela frogatutzat emateko, hirugarren pertsona batek, kasu honetan Zapirainek, komisaldegian egindako adierazpenei heldu diete auzitegiek. Dena den, Zapirainek salatu zuen komisaldegian zein guardia epaitegian egindako deklarazioak mehatxupean egin zituela, Auzitegi Nazionalean deklaratzen ez bazuen, haren bikotekidea bortxatuko zutela esan baitzioten.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak elkartasuna adierazi die hiru preso politikoei, eta dei egin du amnistiaren aldeko borrokan parte hartzera.