ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/09/04 11:02

Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotelak eta Legutioko Gaztetxeak martxoan aurkeztu zuten elkartasun sarea, proiektu nagusi baten eskutik: elikagaien eta lehen mailako produktuen bankua. Helburua egoera zaurgarrienean zeuden familien oinarrizko beharrak bermatzea zen, alarma egoera bete-betean. Gaur egun ere, baina, martxan jarraitzen du proiektuak.

Herri mailan jarduten du elikagaien eta oinarrizko produktuen bankuak, donazioak jasoz eta zenbait familiari laguntza bermatuz. Desjabetuon Hotelak ematen dio leku proiektuari, "ofentsiba burgesaren aurkako beste fronte" baten modura kokatzen baitute bertan jarduten duten kideek; "kasu honetan, egungo krisialdian familiari eta kolektibo zaurgarrienei babesa emanez".

38 PERTSONAREN BEHARRAK

Une honetan, bederatzi familiari ematen die babesa elikagaien eta oinarrizko produktuen bankuak. Modu horretan, hain zuzen, 38 pertsonaren oinarrizko beharrei erantzuten zaie Legution. Horietatik lau dira 3 urtetik beherakoak, eta beste hamaika, 10 urtetik beherakoak. Bestetik, 16 urtetik beherako sei gazte daude, eta adinez nagusiak dira gainontzeko 17 lagunak.

Proiektua aurkeztu zutenetik, 580 kilo bildu eta bideratu dituzte bankuaren bidez; batez beste, 145 kilo hilero.

ELKARTASUNA OINARRI

"Bankurako janaria lortzeko klase elkartasunean oinarritu gara", diote proiektuan parte hartzen duten kideek. Hala, bi modutara jasotzen dituzte produktuak:

  • Donazioen bidez. Horretarako, 699 293 759 telefono zenbakia jarri dute erabilgarri.
  • Janari bilketen bidez. Hilabeteko lehenengo larunbatean, Legutioko plazan jartzen dute postu bat, 12:00etatik 15:00etara.

"Uztailean hasi ginen postuaren ekimenarekin eta emaitza onak izan ditugu. Dena den, azpimarratu beharra dago bizitako hilabete hauek soilik proiektuaren hasiera direla, non klase elkartasunak inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen duen", diote kideek.

Bihar, irailak 5, izango da hurrengo hitzordua janari bilketari dagokionez. "Plazan egongo gara 12:00etatik 15:00etara, janaria biltzen eta elikagaien bankuari buruzko informazioa ematen. Argi izan, elkartasunak, konpromisoak eta antolakuntzak egiten dute posible proiektu hau", gaineratu dute.
NO HAY COMENTARIOS