ACTUALIDAD / Migración
Atzeratu egin dute Loiun gatibu daukaten gazte sahararraren deportazioa
Asiloa eskatu zuen arren, ukatu egin diote oraingoz, eta gaur deportatu behar zuten Marokora. 11 egun daramatza aireportuan atxikirik.
2024eko uztailaren 4
Atzeratu egin dute Loiun gatibu daukaten gazte sahararraren deportazioa
— ARGAZKIA TV

Badirudi, oraingoz, atzeratu egin dutela gaur Loiutik (Bizkaia) deportatu behar zuten gazte migratuaren kanporatzea. Aireportuan daukate atxikirik, asiloa ukatu dieten pertsonentzako eremuan. Duela 11 egun heldu zen Loiura, Marokotik abiatutako hegaldi baten bidez, eta asiloa eskatu zuen.

Eskubide horri ezetz esan diote, dena den, eta atzo jarri zuten martxan mutil sahararra berriz ere Marokora kanporatzeko prozedura. Espainiako Gobernuak egin dio uko asilo eskaerari, baina erreguzko eskari bat aurkeztu dute 20 urteko gaztearen abokatuek. 24 orduan izango da ebazpena, baina helegitea onartzen ez badute, bihar izango da deportazioa.

Berez gaur deportatu behar zuten atxikitako pertsona, 07:00etan Marokora ateratzekoa zen hegaldi batean. Atzo eman zuten horren berri, gaztearen kontrako ebazpena jakinarazi zutenean. Azaldu du militante politikoa dela, eta espetxeratua izateko arriskuan dagoela Marokora bidaltzen badute.