ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Etxerat
2025/03/11 07:57

Duela lau egun geratu zen aske Balbino Saenz Olarra preso politikoa, kondena osorik beteta. Espainiako Estatuak 2024ko udazkenean baliogabetu zuen zigorren zenbaketa bikoitza; alegia, teorian, Frantziako Estatuan preso igarotako urteak ere kontuan hartuko dituzte aurrerantzean. Saenz Olarra donostiarraren kasuan, Frantzian egindako denbora aintzat hartuz gero, 2022ko abenduan bete zuen zigorra dagoeneko. Bera izan da kondenen kontaketaren erreforma ezarri dioten bigarren presoa (Manuel Perez Martinez Arenas Kamarada izan da lehena), eta, hala, aske utzi dute jadanik. Azken hamarkadan erabili den zenbaketa aplikatuko baliote, 2029ra arte edukiko lukete preso.

Espainiako Estatuak sistematikoki inposatu die zigorren kontaketa bikoitza preso politikoei, duela hamarkada batetik. Horri esker, ez ditu kontuan hartu presoek Frantziako Estatuan gatibu igarotako urteak, eta bigarren aldiz betearazi dizkie delitu berdinei buruzko kondenak, haiek Espainiaratzean. Aznar buru zuen PPren ekimenez, 2014an sartu zuten indarrean neurria (7/2003), errepresiorako trikimailu legal gisa: horri esker, 40 urterainoko espetxe-zigorrak aurreikusten zituzten preso politikoentzat.

Sarri salatu dute neurri horrek dakarren urraketa, baina iazko udazkenera arte ez dute indargabetu. Zenbaketa bikoitza baliogabetuta, Euskal Herriko zazpi preso politikok geratu beharko lukete aske berehalakoan, eta horietako bat zen Saenz Olarra. Tarbesen atxilotu zuten 2002an, eta kondenatu egin zuten bai Espainiako bai Frantziako justiziek. Parisen jarritako zigorra bete ostean, Espainiaratu egin zuten, bigarrenez kartzelaratzeko. Sareren esanetan, Euskal Herriko 52 preso daude orain lege-erreforma aplikatzeko esperoan.

NO HAY COMENTARIOS