ACTUALIDAD / Presos políticos
Aske geratu dira Itxaso Zaldua eta Gorka Loran preso politikoak
Berriki epaitu dituzte Itxaso Zaldua eta Mikel Karrera, eta aske utzi dute hernaniarra. Duela hiru urte espetxeratu zuten, aurretik hamabi urtez preso izan ostean. Gorka Loran, bestalde, baldintzapean aske utzi dute. Hogei urte egin ditu kartzelan.
2023eko uztailaren 19
Aske geratu dira Itxaso Zaldua eta Gorka Loran preso politikoak
— ARGAZKIA Heraldo de Aragón

Astelehenean amaitu zen Itxaso Zaldua eta Mikel Karrera preso politikoen kontrako epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2001ean Aragoiko Alderdi Popularreko (PP) presidente izandakoa, Manuel Gimenez, hiltzea leporatu diete, eta 30 urteko espetxe-zigorra eskatu du haientzat fiskaltzak. Biek, baina, gezurtatu egin dituzte akusazioak epaiketan zehar.

Astearte honetan, auto bat igorri du auzitegiak, eta jakinarazi du bertan behera utzi duela Zalduaren behin-behineko kartzelaldia, sententzia itxaron bitartean. "Epaiketan entzundakoaren ondorioz" hartu omen du erabakia auzitegiak. Hiru urtez preso egon ondoren, beraz, aske geratu da hernaniarra.

Espainiako Poliziak 2020an atxilotu zuen berriz Zaldua, Gimenezen hilketarekin lotuta. Horren aurretik, hamabi urtez izan zuten preso; 2005etik 2017ra.

Karrerak preso jarraitzen du. Espainiatik eskatu zieten Frantziako autoritateei estraditatzeko, Madrilen epaitua izan zedin. Lannemezanen edukitu dute preso azken urteetan.

Loran, baldintzapean aske

Atzo jakinarazi zutenez, Gorka Loran preso politiko hernaniarra ere kartzelatik atera berri da. Hogei urtez izan dute gatibu, eta baldintzapean aske utzi dute orain.