ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/29 07:36

Berri onak Gipuzkoan: Donostiako epaitegiak artxibatu egin du Yakovlev 42 musika-taldearen kontrako auzi judiziala. Atzo eman zuen horren berri, azalduz bi aste lehenago jakin zuela ebazpena. "Eskerrik asko bi urte hauetan gure alboan egon zareten guztioi. Zuen babesa ezinbestekoa izan da une oro, eta indar handia eman diguzue gehien gustatzen zaiguna egiten jarraitzeko: musika antifaxista", gaineratu zuen.

Euren kantetako letren eduki politikoa zela-eta, 2024an deklaratu behar izan zuten Yakovlev 42ko lau kidek eta bi kide ohik. Guardia Zibilaren txosten bat eta salaketa medio, "gure ikuspegi ideologiko bera partekatzen ez duen ororen aurkako gorroto-diskurtsoa elikatzea" leporatu zieten musikariei. Babes handia jaso zuten, ordea. Maiatzaren 6an, elkarretaratze bat izan zen epaitegi kanpoan, Donostiako, Oarsoaldeko eta Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistek deituta eta "estatu kapitalistaren aurkako adierazpen-askatasuna" aldarrikatuz; eta musikari eta talde ugarik adierazi zieten elkartasuna sare sozialen eta abarren bidez.

Orain epaitegiaren erabakiaren berri duela, "gorroto-delituari" buruzko argipen bat ekarri du gogora Yakovlev 42k: "Gorroto-delituak pertsona edo kolektibo zaurgarrien duintasuna, berdintasuna eta segurtasuna babesten ditu, aurreiritzi arrazistak, ideologikoak, erlijiosoak, sexu-orientazioarekin, genero-identitatearekin, gaixotasunarekin edo desgaitasunarekin lotutako erasoen aurrean. Bere helburua oinarrizko eskubideak eta bizikidetza baketsua babestea da, gorrotoa eta diskriminazioa piztea zigortuz". Modu horretan kontraesan du Guardia Zibila taldeari "gorroto-delitua" egozten saiatu izana, baita talde ultraeskuindarrek delitu horri eman nahi izan dioten zentzua ere.


Irakurri hemen GEDAR LANGILE KAZETAk 2024an Yakovlev 42ko Endika Loiolari egindako elkarrizketa

NO HAY COMENTARIOS