ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Diario Red
2024/11/29 09:20

Joan den otsailaren 13an, Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan, kalean zegoen jendearen kontra oldartu zen Ertzaintza: kargatu eta gutxienez hiru gazte zauritu zituen aurpegian. Horietako bati begian jo zioten foam jaurtigai batekin, gerora, Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza bera gertatutakoa desitxuratzen saiatu bada ere. Oraindik ez du ikusmen osoa berreskuratu 16 urteko mutilak: ez du argirik ikusten eskuineko begitik.

Ertzaintzak martxoan adierazi zuen "50 metrotik baino gehiagotik" tirokatu zuela Xuhar eta foam jaurtigaiak "zeharka" kolpatu zuela; alegia, poliziek ez zutela zuzenean tiro egin bere kontra. Gainera, une horretan Jaurlaritzako Segurtasun sailburua zenak, Josu Erkorekak, modu harrigarrian hitz egin zuen ertzainen defentsan.

Erkorekak esan zuen Xuharrek "istilu" batzuetan parte hartu zuela aurretik, eta, gainera, polizia-indarrek egin bezala, defendatu zuen "zeharka" jo zuela gaztea foam jaurtigaiak, beste pertsona bati besoan eman eta "errebotatu" ostean. Askotariko polizia-iturriek aurrez emandako informazioek, baina, gezurtatu egiten dute Ertzaintzaren eta Segurtasun Sailaren bertsioa: Poliziak berak azaldu izan du "zehatzagoak" direla foam armak eta ez dutela "errebotatzen".

Xuharrek deklaratu gabe, auzia artxibatuta

Mediku-agiriek baieztatzen dute begian zauritutako gazteari "gomazko pilota batek" eragin ziola kaltea, eta gertatutakoa frogatzen dute argitara ateratako hainbat irudik. Hala eta guztiz ere, epaileak men egin dio Poliziaren eta gobernuaren bertsio ofizialari, eta kasua artxibatzea erabaki du.

Ertzaintzak teorian Tolosan gertatutakoa argitzeko egindako ikerketak seinalatu du "kasualitatez" jo zutela Xuhar, eta kontakizun horren alde egin du Tolosako epaitegiak. Epaileak hainbat polizia-agente entzun omen ditu, eta argudiatu omen dute egokia izan zela esku-hartze poliziala, nahiz "arriskuan" ikusi zutela euren burua. Hortaz, zauritutako gazteak deklaratu baino lehen artxibatu du kasua epaitegiak. Defentsak jakinarazi du helegite bat aurkeztuko duela.

NO HAY COMENTARIOS