ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/06 13:24

Zabalik jarraitzen du Azpeitian (Gipuzkoa) uztailaren 19tik 20rako gauean izandako gertakariei buruzko ikerketak. Hainbat hedabidek berriki azaldu dute, momentuz, 22 pertsona ikertu dituela Ertzaintzak, gau hartan polizia-indarren eta hainbat herritarren artean izandako konfrontazioa dela-eta. Horri lotuta, adingabe batek irailaren 9an deklaratu beharko du Donostiako (Gipuzkoa) epaitegian.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak "agintaritzaren kontrako atentatua" eta "desordena publikoak" leporatu dizkie seinalatutako pertsonei. Uztailaren 20an bertan irekitako ikerketaren barruan, ertzainek 16 urteko azpeitiar bat atxilotu zuten joan den abuztuan, eta denera, 18 eta 38 urte arteko beste 21 lagun ikertu ditu azken asteetan.

Intimidazioa eta beldurra gazteen kontra

Azpeitiko Gaztetxeak nabarmendu duenez, gazteen artean izua zabaltzea da Poliziaren asmoa: "Gertakariaz geroztik Ertzaintza herriko hainbat gazte intimidatzen saiatzen ari da, beldurra areagotu asmoz eta pertsona gehiago ikerketapean sartzeko helburuarekin".

Horiek horrela, Gaztetxetik babesa eman diete "ikertuak izaten ari diren eta deklaratzera joan beharko diren gazte guztiei". Gogor salatu dute "Ertzaintzak sortutako muntaia poliziala justifikatu nahian aurrera eramaten ari diren prozesu judiziala", eta ikerketa bertan behera gera dadila eta ikertu guztiak aske gera daitezela exijitu dute.

Poliziaren gehiegikeria goizalde hartan

Uztailaren 19tik 20rako gauean jazotakoa argitu zuen Azpeitiko Gaztetxeak handik ordu gutxira. Azaldu zuen polizia-indarrak neurrigabe oldartu zirela kalean hainbat lagunen aurka: "Polizia bera izan da liskarra sortu duena eta herrian hainbat gazte zauritu eta identifikatuak utzi dituena".

Hilaren 19an ospatu zuten Azpeitiko Gaztetxearen 20. urteurrena, eta Poliziak egun osoa eman zuen Gaztetxea eta ingurua zelatatzen. Gau aldera, pertsona batek "ACAB" idatzi zuen errotulagailuz kaleko edukiontzi batean, eta bere kontra egin zuten agenteek: identifikatu eta isundu egin zuten, kalea blokeatzeaz gain.

Handik gutxira Azpeitiko Udaltzaingoaren komisariara bertaratu ziren zenbait pertsona, aurreko identifikazioa eta zigorra zirela-eta kexatzeko, baina indarrez erantzun zuten udaltzainek: Ertzaintzari hots egin zioten. Polizia-etxe inguruan bildu ziren gazteen kontra oldartu ziren udaltzainak eta ertzainak, gazte bat atxilo hartzeraino.

NO HAY COMENTARIOS