ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/01 13:23

Aurrera doa Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxearen kontrako prozesu judiziala, eta, beraz, arriskuan segitzen du Langile Kontrolpeko Espazioak. Bi gazte daude auzipetuta Gaztetxearen birjabetzeari lotuta, eta datorren irailaren 17an epaituko dituzte, Durangon (Bizkaia).

Matrailuko kideek azaldu dutenez, 321.000 eurorainoko isunak eskatzen dituzte bi auzipetuentzat, bere garaian Perforación SA enpresarena izandako lantegia okupatzea leporatuta. Prozesu judizial berdinaren barruan, Zornotzako Gaztetxearen desalojoari buruzko erabaki bat ere hartuko du epaileak: ikusteke dago hustea agintzen duen edo ez.

Eraikinaren jabe legala eta Zornotzako Udala, erantzule

Gaztetxetik salatu dute "erantzule oso konkretuak" daudela prozesu judizialaren atzean. Batetik, eraikinaren jabe legala daukate gogoan: "Hamabost urte baino gehiagoz hutsik eduki duen lur horrekin espekulatzeko aukera bilatzen du". Bestetik, Zornotzako udal gobernua (EAJ) seinalatu dute erantzule modura: "Euren herri-eredutik kanpo antolatzen den ekimen oro ito gura du eta beti jabedunen alde lerratzen da".

Gaztetxeko asanbladak gogorarazi du bere "lehentasuna" izan direla "eraikinaren defentsa eta Gaztetxearen zilegitasuna", eta horregatik egon direla prest "entitate horiekin negoziatzeko eta akordio batera heltzeko, epaiketa saihesteko intentzioarekin".

Hala ere, ez jabe legalak ez udalak ez dute "euren erantzukizuna onartu" eta "euren burua zuritzen" saiatu dira. Haien mehatxu zuzenak ere jaso dituzte Matrailuko kideek, azaldu dutenez. "Argi utzi dute alde denentzat onuragarria izango den soluzio bat bilatzeko borondate falta eta Gaztetxeak eta gazte-asanbladak suposatzen duten herri-ekimena suntsitzeko daukaten intentzio osoa", gaineratu dute.

Gaztexeen aurkako erasoak

Udalak "orden sozialetik irteten den mugimendu ororekin amaitzeko" asmoa duela uste du asanbladak, baina ohartarazi du harago doala Gaztetxeak Euskal Herri osoan jasaten ari diren erasoaldia. Hala, Matrailuk azpimarra egin dio "jazarriak izaten ari garen denon arteko elkartasuna antolatzeko" beharrari.

Hurrengo deialdietara adi egoteko ere eskatu dute Zornotzako kideek, "epaituen absoluzioa eta ondoriozko desalojoaren gelditzea exijitzeko". Irailaren 17rako mobilizazio-dei bat egin dute dagoeneko: epaiketaren egunean, goizez, Durangoko epaitegira bertaratzera deitu dute.

NO HAY COMENTARIOS