Azken urtean jasaten ari diren egoera salatu dute Azkoitiko (Gipuzkoa) Juaristi eta Aitek enpresetako langileek. Izan ere, jabe bera dute bi lantegiek, eta arriskuan daude plantilla osatzen duten 130 beharginak: maiatzean sartu zen indarrean enplegu-erregulazioko espediente bat bi lantokietan, eta lau hilabeteko soldata eta aparteko bost ordainzari zor dizkiete langileei.
Zuzendaritzak ez du oraingoz egoerari aurre egiteko bideragarritasun-planik aurkeztu, eta beharginek horregatik uste dute fabriken "ezkutuko itxiera" prestatzen ari dela: "Dagoeneko langileen %40 alde egitera behartua izan da, inolako kalte-ordainik gabe".
Hori gutxi balitz, langile-batzordeek zuzendaritzari leporatu diote erregulazio-espedientean zehaztutako baldintzak ez betetzea, "ordainketetan sailkapen arbitrario eta bidegabeak" ezartzearekin batera. Horrekin, helburua "langileen batasuna apurtzea eta indar kolektiboa ahultzea" dela iritzi diote. Gainera, enpresek langileei informazioa ezkutatu dietela ere aipatu dute; pabiloi baten salmenta posiblearen inguruan, esaterako.
Manifestazioa bihar, Azkoitian
Aurreko asteartean egin zuen kontzentrazio-agerraldi bat bi enpresetako plantillak. Langile-batzordeetako kideek azaldu zutenez, zuzendaritzaren aldetik ez dago "proposamen zehatzik eta plan bideragarri argirik", eta "ordainketetan eta informazioan agertzen diren desberdintasunak" salatu zituzten. Egoera "jasanezina" dela zioten.
Horiek horrela, mobilizazioei ekin diete jada: "Ez gara isilduko, ezin dugu gehiago itxaron, langileon duintasuna ez dago salgai". Bihar arratsaldean, ostiralez, manifestazio bat egingo dute Azkoitian, 19:00etan plazatik abiatuta.