ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/24 11:26

Palestinako lur okupatuetan Israelgo Estatu sionistak eraikitako ospitaleek gorakada nabarmena izan dute hartutako zauritu kopuruan, maiatzaren hasieran armada sionistak Rafahren eta Jabaliaren aurkako erasoa hasi zuenetik. Arab Post-ek berrikusi ditu Israelgo Osasun Ministerioaren datu ofizialak, eta, horien arabera, azken bi hilabeteetakoa izaten ari da urtearen hasieratik hona zauritu sionista gehien jasotako epea.

Zifra ofizialek diotenez, Israelgo Estatuaren ospitaleek 356 zauritu jaso zituzten maiatzaren 7tik eta 20ra bitartean bakarrik; batez beste egunean 25,4 zauritu, alegia. Zifra horrek gainditu egiten du apirilean zehar hartutako zaurituen ratioa: orduan 416 zauritu artatu zituzten osotara, eguneko 13,8, batez beste. Maiatzaren 20ra arteko zifrek martxoko zaurituen batez besteko kopuruak ere gainditzen dituzte, gainera: 482 zauritu izan ziren orduan, egunean 15,5, batez beste.

Israelgo Estatuaren ospitaleek 356 zauritu jaso zituzten maiatzaren 7tik eta 20ra bitartean bakarrik; batez beste egunean 25,4 zauritu

Armada sionistak maiatzaren 7an hasi zuen Rafahren lur bidezko okupazio militarra, Egiptorekin mugan. Lau egun beranduago, maiatzaren 11n, gauza bera egin zuen Gazaren iparraldeko Jabaliako errefuxiatu-kanpamenduan. Indar sionisten datu ofizialetan ikusten denez, gertakari horiek korrelazioa dute ospitaleetan jaso duten zauritu kopuruaren igoera ezohikoarekin.

Maiatzaren 11tik 15era bitartean, 170 zauritu zenbatu zituzten; eguneko 34, batez beste. Horren adibide da maiatzaren 15ean okupazio-armadak egindako adierazpena: onartu zuen, egun bakarrean, 50 soldadu zauritu zizkietela Gazan. Modu berean, ospitale sionistek azken astean jasotako zauritu eta hildako kopuru handien berri eman dute Israelgo Estatuaren komunikabideek, guztiak, Gazako Zerrendaren okupazioarekin lotuta.

Hildakoak ere, gero eta gehiago

Rafahren eta Jabaliaren aurkako eraso sionista palestinar erresistentziaren erantzun irmoa jasotzen ari da, leku bietan. 2024ko maiatzaren 7tik 21era bitartean, hamazazpi soldadu sionista hil ziren gutxienez, horietatik hamasei Gazan eta beste bat iparraldeko frontean, Libanorekin mugan. Maiatzaren hasieratik hilaren 21era arte, hildako soldadu sionistak 23 izan dira, gutxienez.

Maiatzaren 7tik 21era bitartean, hamazazpi soldadu sionista hil ziren gutxienez, horietatik hamasei Gazan [...]. Heriotza-zifra ofizial horiek ontzat emango bagenitu ere, azken bi hiletako handienak dira

Heriotza-zifra ofizial horiek ontzat emango bagenitu ere, azken bi hiletako handienak dira, martxoa eta apirila osoan zehar 24 soldadu hil baitziren. Okupazio-armadan heriotzak nabarmen areagotu ziren palestinarren erresistentzia-operazioen ondorioz. Segada bikoitzak, frankotiratzaileen tiroak, suziriak eta morteroekin soldadu-kontzentrazioei egindako erasoak ari dira izaten nonahi, eta okupatzaileak gorriak ikusten ari dira.

Okupazio-armadaren web-orri ofizialaren arabera, 613 soldadu eta ofizial sionista hil edo zauritu dira Gazan urriaren 7tik hona. Hala ere litekeena da zifra horiek faltsuak izatea, izan ere, Israelgo Osasun Ministerioaren datuen arabera, 15.663 dira ospitale "zibiletan" onartutako zaurituak, ezohiko igoera nabarmenarekin.

Okupazio-armadaren web-orri ofizialaren arabera, 613 soldadu eta ofizial sionista hil edo zauritu dira Gazan [...]. Hala ere [...] 15.663 dira ospitale "zibiletan" onartutako zaurituak

Erreferentzia gisa, Israelgo Osasun Ministerioak, urriaren 7tik sortutako datu-base batean sartu ditu izandako hildakoen zein zaurituen zifra guztiak. Hala ere, ministerio horren datuek ez dituzte argi eta garbi bereizten baja "zibilak" eta militarrak, zentsura militarra dela eta.

Sionisten porrota

Gauzak horrela, Amerikako Estatu Batuetako (AEB) inteligentzia-zerbitzuek beraiek onartzen dute jada sionistek huts egin dutela Gazan. Izan ere, eta haien datuen arabera, "Israel palestinar erresistentziako kide gutxi batzuk hiltzeko baino ez da gai izan urriaren 7tik hona". Are gehiago, erresistentziak eraikitako tunel-sareak bere horretan dirau, etorkizuneko operazioetarako prest. Gainera, sionisten saiakera guztien gainetik, "erresistentziak gero eta babes handiagoa du palestinarren artean", AEBetako administrazioko ofizialek arduratuta onartzen duten moduan.

Sionisten saiakera guztien gainetik, "erresistentziak gero eta babes handiagoa du palestinarren artean"
NO HAY COMENTARIOS