ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/12/15 10:23

Argindarraren prezioak maximo historikoak jo ditu enegarrenez. Gaurko, abenduaren 15erako, 291,73 euroan finkatu da orduko megawattaren prezioa handizkako merkatuan. Elektrizitatearen Merkatu Iberiarreko Operadoreak (OMIE) adierazi duenez, asteazken honetako zenbatekoa %1,3 altuagoa da asteartekoarekin alderatuta. Urriaren 7an erregistratutako azken maximo historikoarekin alderatuz gero, %1,1 igo da. Ondorioz, argindarra duela aste bat baino %168 garestiagoa izanen da gaurtik aurrera.

Handizkako merkatuko prezioek zuzenean eragiten diete ustezko tarifa "erregulatua" kontratatzen duten familiei. 11 milioi erabiltzaile zenbatzen dira zerbitzu horren barruan. Beste 17 milioi lagunen fakturan, berriz, zeharka eragiten du.

Europako gainontzeko estatuetan are altuagoa da batez besteko prezioa. Frantziako Estatuan, 346,28 euro/MWh; Italian, 309,68 euro/MWh; Britainia Handian, 300 euro/MWh (263,33 libera/MWh); eta Alemanian, 295,20 euro/Mwh.

Beherapen fiskalak

Espainiako Gobernua "pakete fiskal berri bat" prestatzen ari da. Ogasunak aurreratu duenez, "azken hilabeteetan onartutako zerga-beherapenak luzatzeko lanean" ari dira, "etxe guztien eta enpresen faktura arintzeko", haien hitzetan.

BEZa (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) da Espainiako Gobernuak argindarraren azken prezioan eragiteko duen ekintza-lerro nagusia. Prezioak gorantz jarraitzen badu, ordea, berau leuntzeko baliabide politikorik gabe gera daiteke PSOEren eta Unidas Podemosen gobernua. Izan ere, irailean %21etik %10era jaitsi zuen gobernuak BEZa, eta, El País egunkariaren arabera, %4raino jaitsi dezake oraingoan. Argindarraren gaineko BEZa %0tik gertu, Espainiako Estatuaren zerga-bilketa nabarmen murrizten ari da, defiziterako joera areagotuz.

NO HAY COMENTARIOS