ACTUALIDAD / Régimen salarial
Arcelor Mitallek 131 langile kaleratuko ditu Bizkaian eta Asturiasen
Abenduan luzatu zuen, beste urtebetez, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat. Orain, baina, 62 urteko 131 langile kanporatuko ditu enpresak, UGT eta USO sindikatuekin hala adostuta.
2024eko maiatzaren 17
Arcelor Mitallek 131 langile kaleratuko ditu Bizkaian eta Asturiasen

Arcelor Mittal altzairu-enpresak enplegu-erregulazioko espediente bat (ERE, gaztelerazko sigletan) hitzartu du UGT eta USO sindikatuekin. Espediente horren bidez, 131 behargin botako dituzte euren lanpostuetatik. Oraingoz ez dute guztiz zehaztu zein lantokitatik kanporatuko dituzten langile horiek, baina neurriak Etxebarrin (Bizkaia) eta Asturiasen eragingo duela diote hainbat hedabidek, enpresako iturriak aipatuta.

1962an jaiotakoak dira kaleratuko dituzten langile guztiak; alegia, 62 urte dituzte edo beteko dituzte aurten. Kaleratze masiboa justifikatzeko, enpresaren jardunaren "narriadura" argudiatu du enpresako zuzendaritzak.

Iazko urrian aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ERTE, gazteleraz) ezarri zuten Arcelor Mittalen, berez, 2023aren amaieran agortzen zena. Abenduan, baina, neurria luzatu zuen enpresako zuzendaritzak, beste hamabi hilabetez. Nagusiki, Etxebarriko, Lesakako (Nafarroa) eta Aguraingo (Araba) lantegietan du eragina espediente horrek.