ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/03 09:14

Madrilgo Amak Errepresioaren Kontra taldeak duela urtebete jakinarazi zuen polizia-infiltrazio bat jasan zuela. Aranjuezko Marta identitate faltsua bere eginda egon da infiltratuta Espainiako Poliziako María Ángeles Gómez. agentea, eta ez soilik Amak Errepresioaren Kontra kolektiboan. Satorraren jarduna ikertu dute El Salto-k, La Directa-k eta Distrito 14 kolektiboko zenbait kide ohik, eta xehetasunen berri eman zuten atzo.

Espainiako Poliziaren 1985eko ekaineko promozioaren parte da Gómez, eta gutxienez 35 urtez egon da infiltratuta, 1986tik 2021era. Madrilgo hamaika espazio politikotan izan da: El Laboratorio zentro sozialean; GRAPOko, PCE(r)-ko eta Euskal Herriko preso politikoen aldeko kolektiboetan, Madrilgo Koordinadora Antifaxistan, eta lehen aipatutako Amak Errepresioaren Kontra taldean.

Barruraino

Alfon gaztearen askatasuna exijitzeko kanpaina batean ezagutu zuten "Marta" Amak Errepresioaren Kontra taldeko kideek. Gutxienez zazpi urtez egin zituen espioi-lanak bertan: bai ustez lan politikoa eginda (horretarako, Aranjueztik Madrileraino joaten omen zen), bai kideekin bizitza pertsonala eginda.

Amak Errepresioaren Kontra taldeak azaldu duenez, infiltratua hain zegoen integratuta, berak eskatu zituela mobilizazio batzuetarako baimenak gobernu-delegaritzan. NAN faltsu bat zeukan bere sator-lanetarako, eta horixe bera erabili zuen aipatutako baimenak eskatzeko.

Lehen zantzua 2020an

"Marta" egiaz polizia-agente bat zela susmatzeko nahikoa zantzu izatean, kolektibotik bota zuten. 2020an izan zen lehen arrastoa, pertsona batek ohartarazi baitzien polizia zela "Marta". Hori entzutean, hainbat tranpa jarri zizkioten satorrari, eta COVID-19ari lotuta ezarritako itxialdiaren eta murrizketen ostean, berekin bildu ziren: euren susmoen berri eman zioten, zuzenean.

María Ángelesen erantzuna arraroa izan zen: bere polizia-plakaren zenbakia esatera animatu zituen kideak, eta lasai-lasai alde egin zuen gero, esanez berak ez zuela "bizi osoa borroka egiten eman, gero hori jasan behar izateko". Horren ondoren, desagertu egin zen.

Bederatzi kasu

Azken urteetan, infiltratutako polizia ugari atzeman dituzte Madrilen, Bartzelonan, Gironan edota Valentzian. El Salto-k eta La Directa-k, zehazki, bederatzi kasu eman dituzte argitara 2022ko ekainetik hona: Sergio Gigirey (Madrilen egon zen infiltratuta, 2014tik 2021era), María Isern (Gironan, 2020tik 2023ra), Daniel Hermoso (Bartzelonan, 2020tik 2022ra), Ignacio José Enseñat (Bartzelonan, 2020tik 2022ra), Ramón Muñoz (Valentzian, 2020tik 2022ra), María Victoria Canillas (Madrilen, 2022tik 2023ra), Lucía Rodríguez (Madrilen, 2020tik 2023ra), Carlos Pérez (Madrilen, 2020tik 2022ra), eta María Ángeles Gómez bera (Madrilen, 1986tik 2021era).


Irakurri hemen aurreko astean Moratalazko Distrito 14 kolektiboko kide ohiei egindako elkarrizketa, polizia-infiltrazioei buruz

NO HAY COMENTARIOS