AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/25 10:38

Argitara ateratako polizia-infiltrazio kasuak ez datoz Herrialde Katalanetatik soilik. Berriki, Madrilen salatu dute hainbat kolektibotan infiltratutako polizia-agente bat atzeman dutela: Aranjuezko Marta. Zehazki, Amak Errepresioaren Kontra taldeak egin du salaketa.

Azaldu duenez, 2020ko martxoan izan zuen espioitza kasuaren zantzuen berri aurrenekoz, telefono-dei baten bidez. Konfinamendua ezarri berri zuten orduan, eta, beraz, kolektiboko kideak ezin izan ziren aurrez aurre bildu. Horren eraginez eta, esaterako, telefonoak kontrolatuta izatearen beldurrez, ezin izan zioten auziari heldu konfinamendua indargabetu arte.

Une horretan esku hartu zutela eta infiltratutako polizia-agenteak "kolektiboaren parte izateari utzi" ziola diote Amak Errepresioaren Kontrako kideek. "Kasua, jakina, ez da hor geratu. Hain larria den egoera hori argitzeko lanean jarraitu dugu, bai eta [infiltratutako polizia] beste kolektiboren batean ez dela ari ziurtatzeko ere", xehatu dute.

Bere burua Marta modura aurkeztu zuen polizia-satorrak, eta errepresioaren aurkako plataforma baten bidez ezagutu zuen Amak Errepresioaren Kontra taldeak. Zehazki, Alfon gaztearen askatasuna exijitzeko kanpainan ezagutu zuten elkar. "Martak" kolektiboko hainbat kideri esan zien talde antifaxista bat utzi berri zuela, 1986tik zeramala mugimendu sozialetan eta okupazioaren aldeko mugimenduan parte hartzen (El Laboratorio, Euskal Herriari elkartasuna emateko taldeak, faxismoaren kontrako kolektiboak, eta abar), eta, "ama bezala", bat zetorrela Amak Errepresioaren Kontra kolektiboarekin.

"Hori guztia frogatu ahal izan genuen; ["Marta"] ezagutzen duten militante asko daude. Bere militantzia-ibilbidearekin, inoiz ez genuen zalantzan jarri esaten zuen pertsona zela", adierazi dute Amek. Hortaz, gaia bere horretan utzi eta argitutzat eman zuten. "Baina, Kataluniako polizia-infiltrazioak azaleratzearen ondorioz, batez ere azkena, Gironako emakume polizia batena, gure kolektiboa berriro jarri da jomugan", taldeko kideek gaitzetsi dutenez.

Hala, gertatutakoaren berri emateko beharra ikusi dute, eta salatu dute Amak Errepresioaren Kontra kolektiboari eraso egiteko ari direla erabiltzen infiltrazio kasua. "Zalantzan jartzen da gure konpromisoa, gure aktibismoa, modu zuzen eta ez-zuzenean", gaitzetsi dute.

Lau espioi Herrialde Katalanetan

Azken urtean, Herrialde Katalanetako askotariko talde eta mugimenduak espiatu dituzten lau polizia-agenteren berri eman du Directa hedabideak. Hilabete honetan bertan eman dute argitara atzemandako azken kasua: Gironako mugimendu antiarrazistan, independentistan eta etxebizitzaren aldekoan sartu du muturra Maria Perelló Amengual izena omen zuen Espainiako Poliziako agenteak.

EZ DAGO IRUZKINIK