Bilboko (Bizkaia) Arangoiti auzoko bizilagun baten egoera salatu du berriki Bizkaiko hiriburuko Etxebizitza Sindikatuak. Pertsona horrek zortzi hilabete daramatza etxean argindarrik izan gabe, hornidura eten baitzuen Repsol enpresak, bizilagun horrenak ez diren eta etxeari lotutako zor batzuk zirela-eta. Zor horien ondorioz, gainera, etxegabetua izateko arriskuan dago gaur-gaurkoz pertsona hori. Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoak kudeatzen du etxea.
Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, bizilaguna hainbatetan saiatu da argindarra berreskuratzen, "bide ezberdinetatik". Hilabete hauetan guztietan, ordea, "Alokabidek ez du egoera konpontzeko ahaleginik egin". Hortaz, Repsol enpresaren erantzukizuna seinalatzeaz gain, "egoeraren arduradun nagusia" Alokabide dela azpimarratu dute sindikatuko kideek. Ohartarazi dute, bestalde, "etxegabetze forma bat gehiago" direla halako hornidura-mozketak.
Paper errea
"Pandemiatik, berez, hornidura-mozketak eteten dituen dekretu bat dago indarrean, seguruenik hurrengo hil amaieran bukatuko dena", gogorarazi du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Hala ere, seinalatu du Arangoitiko bizilagun horri argindarra moztea onartu duela Alokabidek, eta horrek, besteak beste, nabarmendu egiten duela "moratoria bezalako neurrien eraginkortasun eza". "Jabeen eta entitate publikoen aurrean proletalgoa babesik gabe aurkitzen da", gehitu du.
Etxebizitza Sindikatuak salatu du, horretaz gain, kasu honek ere azalera ateratzen duela auzi nabarmen bat: "etxebizitza sozialek ez diotela etxebizitzaren arazoari kalitatezko erantzun bat ematen". "Etxebizitza soziala ez da baldintzarik gabe eta modu iraunkorrean eskaintzen, baizik eta sarbide-irizpide burokratikoen eta kontrol-mekanismoen bitartez", xehatu dute sindikatuko kideek: "Horrela, etxebizitza sozialek instituzio publikoen zein pribatuen irabaziak bermatzen dituzte, kasu honetan, Repsolenak".
Exijentzia Alokabideri
Alokabideri exijentzia bat egin dio Bilboko Etxebizitza Sindikatuak: hornidura-mozketak eta edonolako etxegabetzeak eten ditzala. Horri lotuta, borrokan jarraituko duela jakinarazi du, Arangoitiko bizilagunak berriz ere argindarra izan dezan eta etxegabetzea bertan behera gera dadin, "berehala eta baldintzarik gabe".