Arabako aeronautika sektoreko langileek mobilizazioa deitu dute Gasteizen (Araba). Hurrengo larunbaterako, irailak 26, egin dute deialdia; 12:00etan irtengo da manifestazioa Andra Mari Zuriaren plazatik. Sektoreko enpresa desberdinetan iragarritako kaleratze masiboak direla eta, beharginek mobilizazio ugari egin dituzte azken asteetan, kaleratzeen aurka eta beren lanpostuen defentsan.
KALERATZE MASIBOAK
Azken hilabeteetan hainbat izan dira aeronautikako lantegietan aurreikusi dituzten kaleratze masiboak; hala nola, Aernnova, ITP Aero eta Alestis dira adibide argiak.
Alestisen, langileen %46 kaleratuko ditu enpresak. Hartutako neurri berrien arabera, 87 izango lirateke Alestisek Miñaon (Araba) kaleratuko lituzkeen langileak. Aernnovak, aldiz, langileen %20 kanporatuko dituela jakinarazi zuen. Berantevillan (Araba) aritzen diren 448 langileetatik, 260 dira aldi baterako lan-erregulazio espediente baten eraginpean daudenak maiatzetik. Azkenik, ITP Aerok langileen %15 kanporatuko dituela esan zuen. Horren arabera, Euskal Herrian lan egiten duten 2.000 beharginetatik 300 kaleratuko lituzkete Bizkaian dituzten lau lantegietatik.