ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/27 09:55

DesokupaCyL desokupazio-enpresak hainbatetan esku hartu du Bizkaian hilabete honetan, hainbat pertsona etxegabetu nahian ari baita Zornotzan, Bilbon zein Barakaldon. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak urtarrilaren erdialdean eman zuen abisua, eta "alerta antifaxista" aktibatu zuen berriz atzo, agerraldi baten bidez: "aste honetan bertan" Bizkaira bueltatuko dela esan du DesokupaCyLek. 

Desokupazio-taldeek sareetan zabaldu ohi dituzten gezurrei aurre eginez, sindikatuak jakinarazi du "kaltetutako pertsonak bakarrik bizi diren emakumeak izan zirela, gehienak ama bakarrak, eta bi kasutan indarkeria matxista jasan duten emakumeak". Eta ez hori bakarrik: "Kasu guztietan, jabetzaren aldetik irregulartasunak edo iruzurrak zeuden, hala nola Babes Ofizialeko Etxebizitzen legez kanpoko alokairuak edo kontraturik gabeko alokairuak".

"Ez dugu onartuko faxista horiek Bizkaira berriro etortzea eta inpunitate osoz jazartzea", esan dute sindikatuko kideek. Desokupen balizko esku-hartzeen aurrean erantzutera eta "babes-sareak indartzera" deitu dute beraz, eta alerta-telefono bat jarri dute martxan, norbaitek "desokupazio-enpresen presentzia edo jarduera" sumatzen badu, telefonoz harremanetan jar dadin. Honakoa da zenbakia: 747 40 89 23.

"Enpresa horiek enpresa faxistak dira"

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriz ohartarazi du desokupazio-taldeen izaeraz: "Argi utzi behar dugu enpresa horiek enpresa faxistak direla". Izan ere, gogorarazi du sarritan izaten dituztela lotura zuzenak eskuin muturreko antolakundeekin, eta beren helburua dela "intimidazioaren eta indarraren bidez familia langileak beren etxeetatik botatzea".

Desokupak "legeak iristen ez diren tokietara iristen direla eta erabateko inpunitatez jarduten dutela" salatuz, estatuak ematen dien "babesa" eta instituzioen partetik nagusitzen den "isiltasuna" nabarmendu du sindikatuak, gogoan izanik, kasu askotan, talde parapolizial horiei eskolta ematen diela Poliziak berak.

Urtarrilaren 31n Bilbon eta Iruñean mobilizatzeko deia

Faxismoari eta estatu-autoritarismoari kontra egiteko, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) mobilizazioak antolatu ditu Bilbon eta Iruñean (Nafarroa) larunbat honetarako, urtarrilaren 31rako. Manifestazioetan parte hartzera deitu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: 18:00etan hasiko da Bilboko mobilizazioa, Jesusen Bihotzetik, eta 18:30ean Iruñekoa, Erorien Monumentutik.

NO HAY COMENTARIOS