Berangoko (Bizkaia) Alconza enpresako langileek 57 egun daramatzate greba mugagabean, enpresa egiten ari den kaleratzeak gelditzeko. Azken asteotan 25 behargin kaleratu dituzte, eta enpresaren asmoa da, lan-erregulazioko espediente bati esker, guztira plantillaren %40 kaleratzea (98 langileetatik 38).
Gaur goizean ere protestak egin dituzte langileek, baina Ertzaintza bertaratu eta beharginen aurka egin du; LAB sindikatuak salatu duenaren arabera, hainbat langile zauritu dituzte ertzainek, eta anbulantzia batean artatu behar izan dituzte.
Enpresa itxita egon da, baina greba egin ez duten langileen laguntzaz, Norgestion enpresak berriro irekitzea lortu du gaur bertan.
Langile batzordearen esanetan, Irizar taldeak enpresa erosi zuenean 250 behargin zeuden lantegian, eta jabe berrien "kudeaketa txarra" dela-eta, enpresa egoera oso larrian dagoela diote. 2014. urtean 27 milioi euro fakturatu zituen enpresak, eta joan den urtean, berriz, zortzi milioi. Horren aurrean, langileak kaleratzen eta baldintzak okertzen ari direla adierazi dute.
Protesta egiten jarraituko dutela esan dute langileek, eta dei egin dute bihar, 07:00etan, protestara batzeko.