ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/07 12:23

"Postaletako hiri idilikoen atzean, bertako langileon esplotazioa eta miseria ezkutatzen dira", salatu dute Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Zarauzko (Gipuzkoa) malekoian egindako agerraldian. Hala eman dute mobilizazio-deialdi baten berri: manifestazio bat antolatu dute abuztuaren 2rako, larunbatez, turismoaren negozioaren aurka. Eguerdiko 12:00etan hasiko da Zarauzko Udaletxe Plazatik.

Bertako kideek azaldu dutenez, manifestazioan "turismoaren negozioak bertako langileongan eragiten dituen kalteak seinalatzea" da asmoa: "Turismoaren negozioak gure etxeetatik kanporatzen gaitu, gure lan- eta bizi-baldintzak prekarizatzen ditu eta ingurunea kaltetzen du".

Hala, turismoaren negozioari esker "aberasten diren enpresariei eta errentistei aurre egitea" dute helburu Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak, baita "instituzioek eta politikariek duten erantzukizuna" agerian uztea ere. "Errentistak, etxe-agentziak, ostalaritza-enpresak eta horien mende dauden politikariak borrokatu behar ditugu", aldarrikatu dute.

Aurpegirik gordinena: etxebizitza

"Turismoaren negozioaren aurpegirik gordinena etxebizitzaren arazoa da", ohartarazi dute agerraldian: "Zarautzen 197 etxe turistiko daude jada, eta guztira 4.229 plaza turistentzat. Bestetik, 2.416 etxe hutsik daude edo bigarren etxebizitzak dira. Zarauzko hamar etxetik hiru ez dira jendearen ohiko bizileku, oporraldia igarotzeko edo turistei alokatzeko baizik".

Gaineratzen dutenez, etxebizitzaren "erabilera turistiko horrek gentrifikazioa indartu eta prezioak garestitzea eragiten du". "Alokairua %40 garestitu da azken hamar urteetan, eta ez dago merkatuan 1.000 eurotik beherako eskaintzarik", zehaztu dute: "Gainera, ohiko praktika bihurtu da denboraldiko alokairu-kontratuak egitea, udan turistei alokatuta irabaziak handitzeko".

Horren erakusle da, esaterako, eskualdean duela gutxi ezagutarazi duten kasua: Orion (Gipuzkoa) bizi den familia bat bere etxetik bota nahi dute berriz etxejabe handi batek eta higiezinen agentzia batek, udako hilabeteetan, pisu turistiko bezala erabili ahal izateko. Familiak, dena den, planto egin eta etxean geratzea erabaki du.

Alokairuaren prezio izugarriez gain, Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute etxe bat erostea "ezinezkoa" dela "gehienontzat". "Zarautz da Gipuzkoako metro karratu garestiena duen herria, eta etxebizitza berrien prezioa 500.000 eurotik gorakoa da", diote: "Negozio borobila eraikuntza- eta higiezin-enpresa nahiz espekulatzaileentzat. Herritar asko, berriz, etxebizitzarik eskuratu ezinik, kanporatuak izaten ari gara".

Lan-prekaritatea eta espazio publikoaren pribatizazioa

Etxebizitza-krisi larriaz gain, turistifikazioak lan-alorrean ahalbidetzen dituen baldintzei egin diete azpimarra Urola Kostako kideek: "Turismoari lotutako lanetan prekaritatea da nagusi. Ostalaritzan eta udako bestelako lanetan, ezegonkortasuna, soldata baxuak eta eskubideen urraketak eguneroko ogia dira". Salatu dute, hala, laneko esplotazio horri esker "milaka euroko irabaziak lortzen" dituztela enpresaburuek.

Lan-prekaritatearekin batera, espazio publikoaren pribatizazioa ere jarri dute jomugan. Izan ere, gogorarazi dute erakunde publikoek "turismoaren negozioa baimentzen eta bultzatzen" dutela "gure herriak mapan kokatzeko helburuarekin", eta horren adibidetzat jo dute Los 40 Summer Live jaialdia Zarautzen egin dadin instituzioek xahutzen duten dirutza. Udal-gobernuak "turismoari eta udalaren ekimen propioei alfonbra gorria jartzen" dien bitartean, "herriko eragileoi espazio publikoa erabiltzea oztopatzen edo debekatzen zaigu maiz", Kontseiluaren eta sindikatuaren esanetan.

NO HAY COMENTARIOS