ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/14 09:05

Iruñeko (Nafarroa) Zigor Arloko 2. Epaitegiak eman du Indar Gorriko kideei buruzko ebazpena: errugabetu egin ditu "hertsatze-delitutik". Sadar zelaian 2022an jokatu zuten Espainiako eta Amerikako Estatu Batuetako selekzioek, eta bost pertsona auzipetu zituzten, partida ikustera joan ziren zaleak "hertsatzea" egotzita. "Ideologia- eta nazio-diskriminazioagatiko larrigarria" ezarri nahi zieten, gainera. Nafarroako Fiskaltzak hiru urteko kartzela-zigorrak eskatu zituen haientzat, eta Ministerio Fiskalak Sadarrera hurbiltzea debekatu nahi zien, 600 metroko gutxieneko segurtasun-tarte bat jarrita.

Urriaren 29an epaitu zituzten bost auzipetuak, baina epaileak iritzi dio ez direla nahikoa froga aurkeztu seinalatzeko "hertsatze-delitu bat" egin zutela zaleen aurka. "Inoiz ez da egiaztatu [...], salaketaren xede diren gertakarietan hertsapenen subjektu pasibo gisa identifikatzen diren zaleei beldurra eragin zietenik, fisikoki edo ahoz, deskribatutako jarduketagatik; edo nolabait beldurtuta sentitu zirenik, ez eta beren askatasuna kaltetu zenik ere", dio epaileak.

Hala ere, ohartarazi du posible dela "desordena publikoei eta eraso egiteari" lotutako delituren bat egotea, eta "nahikoa datu" daudela "gertakarien egunean Espainiako Poliziarekin jazotako istiluei" buruz. Hortaz, irekita utzi du beste akusazioren batekin zerikusia duen isunak jartzeko, eta helburu horrekin igorriko omen dio ebazpena Espainiako Poliziari.

2022ko urriaren 1ean izan zen Espainia-AEBak partida, eta protesta egiteko bertaratu ziren Sadarrera hainbat pertsona, kirol-hitzordu hori "erabat erreakzionarioa den espainiar nazionalismoa normalizatzeko" ekimen bat zela salatzeko. Manifestarien kontra kargatu zuen Espainiako Poliziak, eta 20 pertsona baino gehiago identifikatu zituen.

NO HAY COMENTARIOS