Aurreko ostiralean, uztailaren 19an, 66 pertsona migrante iritsi ziren Kanaria Handiko Las Burras hondartzara, ontzi baten bidez migratu ostean. Goizean goiz heldu zen ontzia, eta Urgentziazko Kanariar Zerbitzuko, Gurutze Gorriko eta Kanarietako osasun-zerbitzuko lehen arretako langileak bertaratu ziren orduan.
Adierazi dutenez, Kanarietara migratu duten 66 pertsona horietatik bi adingabeak dira; hamar urteko haur bat eta sei hilabeteko ume bat. Baldintza gogorretan iritsi dira guztiak, eta horietatik bost egoera oso larrian zeuden, kostaldera heltzea lortu zutenerako.
Hala, Juan Negrín eta Insular ospitaletara lekualdatu zituzten berehala. Beste lau pertsona ere beranduago eraman behar izan zituzten, "patologia larriak" zirela-eta. Guztira, hamahiru lagun ospitaleratu zituzten.
Bestalde, beste 145 pertsona migratzaile ere porturatu ziren Kanaria Handiko Arguineguín kaian. Antza denez, onik iritsi ziren guztiak. Aurtengo urtarriletik uztailera bitartean, 19.793 lagunek gurutzatu dute itsasoa Kanarietara migratu nahian.
Hazi egin da saiakera hori egiten duten pertsonen kopurua, eta milaka lagunek jarraitzen dute ahalegin horretan bizia galtzen. Urtarrila eta maiatza artean, 5.054 pertsona hil edo desagertu dira Iberiar penintsulan, Mediterraneoan eta Atlantikoko itsasoan, migratzeko saiakeran.