ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Bob Edme/Egin
2025/09/25 10:32

Gaur beteko dira lau hamarkada GAL talde terroristak Baionako (Lapurdi) Monbar hotelean egindako sarraskitik. 1985eko irailaren 25ean izan zen GALen erasorik odoltsuena: terroristak gaueko 21:00ak igarota sartu ziren Monbarreko jatetxera, eta Euskal Herriko lau iheslari politiko erail zituzten tiroz, bosgarren bat zauritzeaz gain. Hain justu, Agustin Irazustabarrena, Inaxio Asteasuinzarra eta Jose Mari Etxaniz militanteak hil zituzten bertan; Sabin Etxaide tiroz zauritu zuten eta handik ordu gutxira hil zen erietxean, eta Jean Iriart zauritu egin zuten.

Hiltzaileek ihes egin bazuten ere, atzetik jarraitu zieten hainbat lagunek, eta haietatik bi atxilo hartzea lortu zuten: Lucien Mattei eta Pierre Frugoli Marsellako mertzenarioak. Atentatua egin izana aitortu zuen GALek, eta ETAk argitu zuen taldeko militanteak zirela lau biktima gipuzkoarrak; ihesera eman zuten Ipar Euskal Herrira, euren militantzia politikoagatik.

1989an epaitu zituzten Mattei eta Frugoli Monbarreko erasoagatik, eta onartu zuten Espainiako Estatuko zerbitzu sekretuek kontratatu zituztela militante iraultzaileak hiltzeko. Bizi osorako kartzela-zigorra ezarri zieten, eta haien deklaraziotik abiatuta, Jose Amedo eta Michel Dominguez polizia ohiak ikertu zituzten. Hala ere, "froga falta" argudiatuta artxibatu zuten auzia 1991n. Handik lau urtera Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa berriz irekitzeko keinua egin bazuen ere, berriz zarratu zuten 2001ean, "froga faltagatik" orduan ere. 1983tik 1987ra bitartean, 27 pertsona erail zituen GALek.

NO HAY COMENTARIOS