ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/30 22:27

Astebete igaro da Ikasle Abertzaleakek deitutako ikasle grebatik; milaka ikasle atera ziren kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, ezartzen ari diren hezkuntza erreformei ezetz esateko. Astebete igaro da, beraz, Ertzaintzak Gasteizko campusean (Araba) 34 ikasle atxilotu zituenetik, piketeetan parte hartzeagatik.

Horren harira, IAko hainbat kidek agerraldi bat egin zuten joan den astelehenean Gasteizko campuseko Letren fakultate aurrean. Atxiloketak salatzeaz gain, EHUren errepresio politikoa jarri zuten jopuntuan. Unibertsitatea "campus polizial" bilakatzen ari dela ohartarazi zuten, baita aurreko astean gertatutakoa "ikasleon greba oro kriminalizatzeko eta atxiloketak normalizatzeko aurrekari oso arriskutsua" izan daitekeela ere.

Horren guztiaren aurrean, mobilizatzera deitu zuen IAk, atxilotutako 34 ikasleen erabateko absoluzioa eskatzeko, nahiz EHUren "jokabide autoritarioak" salatzeko. Gaur izan da manifestazioa Gasteizko campusean bertan, 11:00etan, Elurretatik hasita.

Aldarrikapenak

Gaurkoan hiru exijentzia egin dizkiote IAko kideek EHUri: 34 atxilotuen erabateko absoluzioa, balizko isunak bertan behera geratzea eta polizia-indarrek EHUren campusetan duten presentziaz hitz egiteko mahai bat sortzea, "presentzia itogarriarekin amaitzeko konpromisoa" har dezan. Izan ere, aurreko asteko atxiloketak Arabako errektoreordetzaren eta errektoretza nagusiaren erabakiz izan zirela gogorarazi du IAk.

Azpimarratu du azkeneko ikasle greban gertatutakoak erakusten duela "EHUn ez dagoela askatasun politikorik ikasle antolakuntza independentearentzako, ezin baita politika askatasunez egin, une oro jazarpena badago". "EHU progresismoz mozorrotzen bada ere, halako egoeretan erakusten du bere benetako aurpegia: autoritarismoarena. Gizartearen joera autoritarioan sakontzea ahalbidetu du errektoretzak, horrelako ekintza errepresiboak onartuz jazarpenetik aske behar lukeen lekuan: unibertsitatean", gaineratu du. Argitu du, bestalde, ezin dela "inola ere onartu" EHUk "gatazka politikoen aurrean" polizia-indarrak baliatzea "irtenbide gisara".

Poliziaren presentzia handia gaur ere

Gaur ere goizean goizetik bertaratu da Ertzaintza Gasteizko campusera eta inguruetara. Zenbait fakultatetako sarreretan ikasle txartela eskatzen aritu dira ertzainak, eta Arabako errektoreordetza aurreko ingurua ere erabat hartu dute; han amaitu da IAk antolatutako manifestazioa, Ertzaintzaren begiradapean.

Campuseko hainbat gune ere itxi egin dituzte goizetik; esaterako, Letren fakultateko kafetegia.

NO HAY COMENTARIOS