Atzo bete ziren 26 urte Aitor Zabaletaren erailketatik. Ricardo Guerra izeneko faxistak 1998ko abenduaren 8an erail zuen donostiarra, 28 urte zituela. Madrilera joan zen gaztea, Realaren eta Atletico Madrilen arteko futbol partida ikustera. Norgehiagoka hasi baino lehen, estadio inguruan zegoen taberna batera bertaratu ziren Realeko hainbat zale, tartean, Zabaleta. Lekukoek azaldu izan dutenez, polizia-agente batek gomendatu zien hara joateko.
Iritsi zirenean, Bastión taldeko hainbat kide zeuden han; Atleticeko zaleen talde faxista bat. Realzaleei eraso zieten, eta gehienek ihes egitea lortu bazuten ere, bertan harrapatuta geratu zen Zabaleta. Guerrak sastakatu egin zuen bihotzean, eta handik ordu gutxira hil zen gaztea.
Ordu gutxira atxilotu zuten hiltzaile faxista, eta 2000. urtean epaitu zuten. Hamazazpi urteko espetxe-zigor bat jarri zioten, baina hirugarren graduan dago jadanik. Bultzada taldeak gertakariei buruzko dokumental bat egin zuen iaz, Zabaletaren hilketaren 25. urteurrena zela-eta. Ondoko loturan ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=fyi8Tyx3MuY.
Mende laurdena, eta Aitor gogoan
Aurreko urtean, urteurrenari lotuta, ekimen ugari izan ziren Euskal Herrian. Abenduaren 8an bertan, Goierriko Kontseilu Sozialistak jardunaldi bat egin zuen Beasaingo (Gipuzkoa) Zentro Sozialistan. Arratsalde horretarako, Bultzadak mobilizazio deialdi bat egin zuen Donostian (Gipuzkoa): milaka pertsona atera ziren kalera, Memoria garelako, memoria dugulako lelopean. Manifestazioan, antolatzaileek gogorarazi zuten faxistak ez direla "ongi etorriak ez gure harmailetan, ez gure kaleetan".
Abenduaren 16rako, Bilbon (Bizkaia), Zabaletaren omenezko egitarau bat antolatu zuen Herri Norte Taldeak, egun horretan jokatu behar baitzuen Athleticek Atleticoren kontra. Kirrulin egin behar zituzten topaketa eta hitzaldi bat, baina ekimena boikotatu zuen Ertzaintzak: ingurua itxi, bertaratu ziren pertsonak identifikatu eta hainbat lokal miatu zituzten poliziek.