ACTUALIDAD / Régimen salarial
2030erako, 280 langile kalera ditzakete Abadiñoko Gestampen
Zuzendaritzak dio beherakada bat aurreikusten duela jardueran, eta ehunka lanpostu suntsi ditzake hurrengo bost urteetan. 700 langile dira gaur egun.
2026eko martxoaren 24 - 12:35
2030erako, 280 langile kalera ditzakete Abadiñoko Gestampen
— ARGAZKIA durangon.com

Kaleratze masibo bat etor daiteke hurrengo bost urteetan Abadiñoko (Bizkaia) Gestamp lantegian, hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez. Izan ere, Mercedesekiko mendekotasun handia du Bizkaiko enpresak (jardueraren %70 inguru), baina badirudi bere furgoneta berriaren piezen ekoizpenean Gestampek izango lukeen garrantzia murriztea erabaki duela Alemaniako multinazionalak, lizitazioak moztuz. Horrek Abadiñoko lantokiaren jarduera nabarmen jaitsiko duela argudiatuta, kaleratzeak iragarri ditu Gestampek: 280 behargin bidal ditzake kalera 2030era bitartean.

Gaur egun, 700 bat beharginek jarduten dute Abadiñoko fabrikan. Mercedesek Gasteizko lantokian ekoitziko du VAN.EA furgoneta, eta hasieran aurreikusten bazen ere Gestampi esleituko ziola piezen ekoizpenaren zati garrantzitsu bat, badirudi ez dela hala izango. Gaur-gaurkoz, VS20 furgonetarentzako piezak egiten jarduten dute batik bat Abadiñon. Ibilgailu horren ekoizpena 2030era arte luzatuko da printzipioz, baina data hori hurbildu ahala, Durangaldeko lantegiko ekoizpena erdira murriztu eta lanpostuak suntsituko ditu Gestampek, antza denez. Oraingoz, ez du berehalako neurriez ohartarazi.

durangon.com atariak jaso duenez, "borondatezko" irteerak bultzatzeko plan bat aterako du mahaira Gestampeko zuzendaritzak. Kaleratze ezegoki bati dagozkion kalte-ordain berdinak eskainiko omen ditu (33 egunekoak lan egindako urte bakoitzeko, gehienez 24 hilabeterako ordainketekin) gehigarri batekin, "euren kabuz" lana uzteko prest dauden beharginentzat.

El Correo-ren arabera, Mercedesek osagarrien ekoizpena internalizatzeko asmoz moztu ditu harremanak Gestampekin, eta jarrera berdina hartzen ari dira automobilgintzako beste hainbat enpresa erraldoi, Stellantis edo Volkswagen kasu.