ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/21 11:01

Abenduaren 11n izan zuten aurreneko greba eguna Eroskiren Elorrioko (Bizkaia) biltegiko langileek. Enpresaren biltegi nagusia da hori, eta CECOSA izenez ezaguna da. Bost egunez greba egin ostean eta aste honetan ere lanuztera jotzeko asmoa erakutsi ostean, euren lan-baldintzak hobetzea lortu dute beharginek: soldatak igoko dizkiete, lanorduak jaitsiko dizkiete, atsedenak zehaztuta geratu dira eta antzinatasuna aitortuko diete.

2025era bitartean, soldatak %22,94 igotzea lortu dute grebalariek, hain zuzen ere. 2025ean, beraz, 22.618,37 eurokoak izango dira soldatak. Bestalde, orain arte urtean 1.770 ordukoak ziren lanaldiak, baina 1.700 ordura murriztu dituzte. Atsedenak zehaztea ere lortu dute langileek, eta egunean 20 minutuz hartu ahal izango dute atseden, lanaldian barne hartuta. Enpresak antzinatasuna aitortzea ere nahi zuten, eta hala izango da aurrerantzean: urtean 255,79 eta 481,77 euro arteko ordainsariak jasoko dituzte beharginek antzinatasunagatik. "Biltegiratze-lanak dakarren ahalegin fisikoa murrizteko beharrezko baliabide mekanikoak" ezartzeko konpromisoa ere hartu du Eroskik, eta sei hilabeteko epea izango du horretarako.

CECOSAko beharginek joan den maiatzean ekin zioten elkartzeari, eta hauteskunde sindikaletara deitu zuten: sei ordezkari lortu zituen ELAk, eta hiru LABek. Ordezkariak hainbatetan bildu dira enpresako zuzendaritzarekin, Elorrioko biltegiko lan-baldintzei buruzko eskaera zehatzak aurkezteko. Zuzendaritzak, ordea, ez du inolako hobekuntzarik proposatu eta onartu orain arte.

NO HAY COMENTARIOS