Eskarian eta lan-kargan izan den eta izango den beherakada argudiotzat hartuta, murrizketak egingo ditu zuzendaritzak Gasteizko (Araba) Michelinen. Frantziako Estatuko enpresa-taldeak Espainiako Estatuan daukan lantegirik handiena da Gasteizkoa, baita Arabako bigarren handiena ere; 3.500 langilek jarduten dute soldatapean gaur egun. Murrizketa-neurri berriekin, batetik, 150 langile kaleratuko dituzte Arabako fabrikan, eta, bestetik, lan-egutegiak eta ordutegiak aldatuko dizkiete ekoizpenean aritzen diren beste 650 behargini. Hurrengo urteetarako aurreikusita zeuden 75 milioi euroko inbertsioak, gainera, atzera botako dituzte.
Enpresako zuzendaritzak aurreko ostiralean eman zion neurrien berri langile batzordeari, berez, 2024ko lan-egutegiari buruz hitz egiteko finkatutako bileran. Gasteizen ezarriko dituen murrizketa-neurriak azaltzeaz gain, ordea, jakinarazi zuen Lasarteko (Gipuzkoa) lantokian ere izango direla kaleratzeak eta murrizketak: enpresak 26 behargin bidaliko ditu kalera han, eta 240 langileri aldatuko dizkie lan-egutegiak eta ordutegiak.
Murrizketa horiek nolabait negoziatzen saiatuko dira orain sindikatuak. Duela urtebete osatu zuten langile batzordea: sei ordezkari ditu CCOOk; launa UGTk eta CGTk; hiruna ESK, ELA eta CSI-F sindikatuek, eta bina CCMk eta LABek.
Zigorra langile antolakuntzari
Urrian atera zen argitara, bestalde, Arabako Michelinen ekoizpena murriztea erabaki zuela enpresako zuzendaritzak, eta 1.500 langileri eragingo ziela neurri horrek. Zuzendaritzak esan zuen beharginengan "konfiantza galdu" izanaren ondorio zela neurria, eta langileek borrokara eta protestara jo izanarekin lotu zuen hori. Ekainean ekin zioten greba bati langileek, itunaren negoziazioa zela-eta.