ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Kolitza
@kolitza_
2022/09/05

Kapitalismoaren hastapenetatik, lurralde-, kale- eta eraikin-eremuen jabetzea eta erabilera zuzena etengabeko dinamika izan da, hala langile-erakundeentzako nola milioika proletarioren biziraupenerako. Proletalgoak, desjabetutako eta lan-indar bihurtutako klaseak, espazioaren erabilerarako bere sarbidea bermatzeko eta horren zati bat burgesiari eta laguntza zibilaren jabe diren klaseei espropiatzeko modua bilatu izan du beti. Egitate hau erabat legitimoa da; areago, justizia sozialari dagokio. Izan ere, lurra denona da, espazioa guztioi dagokigu, are gehiago hirigunea osatzen duten eraikinak: azken hauek geure klasearen ahalegin eta izerdiarekin eraiki dira, eta ez burgesiaren lanarekin. Horrela, espazio horiek zuzenean geureganatzea eta erabiltzea ezinbesteko premia materiala da, espaziorako sarbidea bizitzeko zein langile erakundeak garatu ahal izateko behar baitugu.

Proletalgoa da nazioartean gehiengoa osatzen duen klasea eta, ekonomiari dagokionez, hurrengo ezaugarriak ditu: jabetza egonkorrerako sarbiderik ez izatea eta, soldata bat izan arren, jabetza-loturarik gabeko lan-indar hutsa izatea, dituen diru-sarrera urriak bizirik irauteko kontsumo azkarreko elementuetan agortzen zaizkion neurrian. Proletalgoak ez du jabetza egonkorrerako irismenik, klase jabedunek metaketa kapitalistaren eta haren ziklo nazionalen dinamikaren bidez bereganatu baitute. Gainera, herrialde bakoitzean desberdin garatu den langile-aristokraziaren geruza osatuz joan da, proletalgoarengandik bereizia eta jabetza egonkorrerako sarbide erlatiboa izatea lortu duena.

Nazioarteko gehiengo sozial hau etengabe desjabetu izanak espazioaren eta baliabideen kontrolerako sarbidea galarazi dio. Bestela esan, proletalgoak ez du espazioa erabiltzeko aukerarik. Komunismoa klase-banaketa honen aurka zuzenean eragiten duen ideologia proletarioa da, alegia, gehiengo sozial bat espazioa erabiltzeko kontroletik eta eskubidetik kanpo geratzearen aurka egiten duena.

Burgesiak eta bere erakunde politiko eta ideologikoek errepresio-maila ezberdinen bidez artikulaturiko jurisdikzioaren baitan dihardute: alde batetik, okupazio sozialarekiko eskala txikiko errepresioa (etxebizitza abandonatuarekiko, adibidez) eta, bestetik, desjabetututako guneen espropiazio eta erabilera politikoarekiko jazarpen betea eta kriminalizazio masiboa (hala nola zentro politiko eta sozialena). Lurralde-kontrolari dagokionez (kalearen, baliabide naturalen, airearen eta abarren agintea kasu), burgesiak modu pribatuan edo estatalean menderatzen ditu eremu espazial guztiok, horietaz zuzenean jabetzeko asmo proletario oro jazarriz. Jabetza espazialaren eta tresna produktiboen berdintasunezko birbanaketaren ideiak eta honen zabalpenak zinez izutzen ditu burgesia eta klase dirudunak; benetako beldurra diote espazioaren sozializazioari, gizarteak espazioa berreskuratzeari.

Kapitalismoa ideologikoki eta kulturalki indartsua den baina metaketa-krisiaren ondorioz sozialki zein ekonomikoki ahula den testuinguruan, gaur-gaurkoz, erakunde komunistok bi taktika garrantzitsu garatu behar ditugu, nire ustez. Alde batetik, gure zeregin nagusia espazioaren jabetzarako sarbide unibertsala zilegi egingo duen borroka kultural eta ideologiko bat garatzea da, jabetza molde sozialista berri baten paradigmaren pean, pertsona orok espazioaren erabilera bere bizi-beharretarako eskuratu ahal izan dezan, bai eta pertsonen arteko elkarte potentzial guztiek beren jarduera libreki garatzeko beharrezkoak diren baliabide espazial eta sozialetarako sarbidea izan dezaten. Muga bakarra eskuragarri dauden baliabide sozialak izanik, muga artifizial oro ezabatu behar da. Hauxe da estatu sozialista espazioaren erabileraren banaketaren kontzeptuari dagokionez: baliabide hori bereganatu duten klase sozialak ezabatzea.

Bigarrenik, erakunde sozialistak progresiboki garatu behar du antolakuntzaren menpe jardungo duten espazio berriak txertatzeko exekuzio indarra, abian diren ildo taktiko eta borroka-fronte guztietan. Azken batean, borroka ideologikoari gainjarrita, pixkanaka espazioaren gaineko kontrol eraginkorra eratu beharra dago, estrategia espazioz hornitu eta baliabidez zein edukiz bete ahal izateko.

Kapitalismoak honen aurka egiten du eta burgesiaren alderdiak, oro har, kontrako kosmobisioa sendotzeari ekiten dio: espazioaren kontrola eta erabilera eskuratzeko eskubidea “berez” dutenen eta ez dutenen arteko klase-banaketaren kosmobisioa.

1. Espazioaren gaineko Langile Kontrola eta Kontrol Sozialista

Euskal Herriko Mugimendu Sozialistatik espazioaren gaineko langile kontrolaren kontzeptuaren erabilera zabala egin dugu azken urteotan. Horrela definitu dira espropiazio zuzenaren bidez proletalgoak bere egindako espazioak, momentuan jabe juridikoen aurka eta langile-espropiatzaileen alde emandako indar-korrelazioak ahalbidetu dituenak. Kontzeptu formal hau osatzeko, zinez espazioaren gaineko langile kontrolaz hitz egin ahal izateko, erabilerari dagokion beste muga bat gehitu behar zaio, espropiazioaren aurreko zein ondorengo erabilerari azpiratua.

Alde batetik, okupazioaren aurretiko erabilerari dagokionez, espazioaren gaineko langile kontrola zilegi da baldin eta espazioa ikuspegi sozialistatik ez-legitimoak diren jabeei desjabetzen bazaie, eta jabe horiek espazioaren erabilera ilegitimoa egiten badute (espekulazioa, lan-esplotazioa, espazioaren abandonua gainbalio gordailu gisa, edo burgesiaren partetiko espazioaren kontrol instituzional publiko eta burokratikoa). Adineko emakume bati bere etxebizitza indarrez okupatzea ez da, inolaz ere, espazioaren gaineko langile kontrola, eta ezin daiteke defendatu sozialismoaren ikuspegitik, argi dagoenez.

Bestalde, kontzeptu formal hau espazioaren erabilera berria unibertsal bihur daitekeen kasuetan soilik aplikatzen da, adibidez, etxebizitzarako, erabilera politikorako, sozialerako, etab. Hala ere, kontzeptu formal horretatik kanpo geratzen da ordena sozial burgesa sendotzen duen erabilera oro, bai eta sistema kapitalista eratzen duten indarkeria- eta zapalkuntza-dinamikak erreproduzitzen dituzten espropiazioak, hala nola eskuin muturreko erakundeen okupazioak, etxebizitza arrazistak, narkopisuak, eta abar.

Azaletik «okupazio» gisa ulertzen zenaren kontzeptualizazio honi esker, espazioaren gaineko langile kontrola benetan osatzen duten elementuetan sakondu ahal izan dugu. Halaber, okupazioa bera auzitan jarri ahal izan dugu, adibide historiko oso zehatza delako, eta hain zuzen ere, aurreko estrategia iraultzailearekin alderatuta estrategikoki eta antolakuntzaren aldetik atzerakoia den kontzeptua.

70eko hamarkadaz geroztik, bere burua «okupazio» bezala izendatzen duen espazioaren gaineko langile kontrolaren paradigma ezarri da mendebalde osoan, zeina mugimendu autonomoen nahiz sozialdemokraziaren sektore herrikoi eta ezkertiarrenaren eskutik etorri izan den. Paradigma atomista honek antolaketa proletario handiarekiko berritzaile, aurrerakoi eta askatzaile gisa aurkeztu ahal izan zuen bere burua. Errealki, ordea, atzerakada nabarmena ekarri du lurralde-kontrol antolatua eta estatu proletario sozialistak eratu nahi zituzten alderdi iraultzaile handiekiko. Horren aurrean, proletalgoaren desantolaketak, kolektiboen atomizazioak eta Kapitalak abandonatutako alferreko espazioen «okupazioak» lehenesteak «okupazioaren» paradigma berria ekarri zuen. Gaur egun arte indarrean egon da langile-ehunaren zati handi batean.

Paradigma iraultzailea eguneratutako klabeetan berreratzeak hautsi egin behar du espazioaren kontrol zatikatu eta indargabearen ikuskera hori. «Okupazioaren» kontzeptu atomistarekin hautsi behar du, eta alderdi proletario handien porrot- eta desartikulazio-zikloaren aurreko espropiazio-prozesuaren dimentsio soziala, anbizioa eta antolaketa-kultura berreskuratu behar ditu. Espazioaren gaineko langile kontrolaren kontzeptu generikoak konfigurazio analitiko berriak modu aberastuan txertatzeko aukera ematen du, burgesiaren alderdiak okupazioaren aurka martxan duen ofentsibari eutsi ahal izateko eta okupazioaren ideiatik haragoko aurrerapauso bat bihur dadin.

Antolakuntza berebizikoa da espazioaren gaineko langile kontrola eskuratzeko gudu-zelai honetan eta, horrek, hasierako definizio formaletik haragoko langile kontrolaren kontzeptu garatuago batera garamatza. Langile kontrolak, formala ez ezik, erreala ere badenez, gaitasun multzo antolatu baten, lan prozesu materialen sintesia izan behar du: besteak beste, defentsa, eraikinen erreforma, garbitasuna eta ordena barnebildu behar ditu, bai eta espazioaren erabileraren araudi proletarioa eraginkor egiteko indarra eta espazioak egonkortzeko eta legitimatzeko gaitasuna ere. Lan-prozesu hauek espazioaren erabilera kapitalistaren exekuzio-maila lortu behar dute, zeina gaur egun espazioaren gaineko kontrol burgesaren ondorio baita. Gaitasun hau eraginkorra da lan-­prozesuetako lan-indarra ustiatzen duten enpresei salerosten zaienean, edo etxeko lanen diziplina matxistaren bidez, etxebizitzen kasuan. Ikuspegi kualitatibotik, espazioaren gaineko langile kontrola osatzen duten lanen multzoa antolatzeko prozesu hau, beraz, alderdi komunistaren fase guztien ezaugarri da, eta ez atomizatutako edo boluntarismo eta elkartasun abstraktu hutsez antolatutako gizabanako edo kolektiboena. Alor honetan, egiazko boterearen giltza lanaren antolaketa eta banaketa soziala da, bai eta organo administratiboen bidez eta alderdiaren kontrol demokratiko, lotesle eta ezeztagarriaren menpeko administrazio zentralizatua; gainerako guztiak porrot egin izana frogatu da. Horrela, mugimenduaren auto-antolakuntzaren berehalako helburu izan behar du espazioaren gaineko langile kontrol erreala eta kualitatiboa gauzatzeko behar besteko antolakuntza-maila garatzeak. Izan ere, azken hau posible da komunismoaren borroka kulturalaren fasean eta komunismoaren kultura-­hegemoniarik gabe. Aldiz, espazioak artikulatzeko gaitasun antolatua sozialismoa erakargarri egin dezakeen ezaugarrietako bat da, antolatu gabeko proletarioen aurrean, eta borroka kulturalerako lehen mailako tresna izango da.

Kontzeptu formalaz harago, espazioaren egiazko kontrola lan-prozesuen multzo antolatu gisa ulertu behar da. Alegia, azken finean, espazioaren gaineko langile kontrola, ikuspegi garatutik, espazioaren gaineko kontrol sozialista da, hazten ari den espazio-unitate bati aplikatzen zaiona –Espazio Sare Sozialista bati– alderdiaren atributu espazial gisa; hau da, antolaketa iraultzaile handiak kontrolatu eta kudeatutako espazio-unitatea. Aitzitik, horrek ez du ukatzen norbanakoek edo talde partikularrek egin dezaketen Espazio Sare Sozialista bateratu horren hainbat zatiren erabilpena, bizi-premia, ekimen politiko, kultural, teknologiko edota kirol-ekimenetarako, adibidez. Areago, talde edo gizabanako horiek espazioetan legeak egiteko aukera ere barne hartzen du, espazioen araudi sozialistari beren ikuspuntuak gehitu ahal izateko. Horrela, espazio eredu bat osa daiteke Prozesu Sozialistaren lehen faseetan, espazio-baliabideen kontrol unibertsalaren paradigma berri baten oinarri, espazio kapitalistaren banaketa klasista zaharkitua –jabeak eta erabilerarako sarbiderik ez duten desjabetuak bereizten dituena– gaindituko duena. Ez da testu honetako gaia, ordea, horrek guztiak espazioaren konfigurazioan kualitatiboki nola eragin lezakeen eta espazioen eta espazio-erabileren zein figura berri sor liratekeen.

Nolanahi ere, espazioaren gaineko kontrol burgesa ez da, ezta ere, jabe partikularraren egitate isolatu bat. Jabe partikularra indar politiko, juridiko, ideologiko eta armatuak barnebiltzen dituen egituraren emaitza juridikoa baino ez da. Egitura horrek sintesia estatu burgesean duen arren, hura gainditzen du kosmobisio eta indar kultural gisa. Ezin zaio modu isolatuan aurre egin formazio sozial kapitalistari, hura jabetza partikular batean agertu arren.

Argi izan behar dugu espazioaren kontrola ez dela lortzen ate bati ostiko bat emanez eta barruan sartuz. Ulerkera oker honen adibide argigarrienak ordu batzuez eraikinak sinbolikoki «okupatzen» dituzten performanceak dira; salaketa sinbolikoetarako erabilgarriak agian, baina, horrelakoetan inplizituki aditzera ematen dena espazioaren kontrolaren ideia kosifikatua da, espazio baten barruan egotea hura kontrolatzea delako ideia inplizitua. Espazioaren gaineko kontrol erreala lan-prozesuen artikulazioa da, ikuspegi taktikotik ondo antolatuak eta estrategia oso baten barnean dinamikoki neurtuak: Kapitalismo antolatua eta espazioaren banaketa klasista edo Sozialismo antolatua eta espazio-baliabideetarako sarbide unibertsala.

Espazioaren gaineko kontrol erreala lan-prozesuen artikulazioa da, ikuspegi taktikotik ondo antolatuak eta estrategia oso baten barnean dinamikoki neurtuak: Kapitalismo antolatua eta espazioaren banaketa klasista edo Sozialismo antolatua eta espazio-baliabideetarako sarbide unibertsala

Azkenik, garrantzitsua da ulertzea kontrol sozialista ez dela soilik kasu partikularretan gauzatzen: kontrol sozialista prozesuaren dimentsio dinamikoa da. Ez da espazioen kontrol eraginkorrik, sozialismoak maila estrategikoan eta osotasunaren proiektu gisa aurrera egin ezean. Bestela esanda, Espazio Sare Sozialista osatzen duten espazio-unitate horiek ez badute haiek legitimatzen dituen osotasunaren proiekziorik. Espazioaren eredu kapitalista baino hobeagoa den eredu gisa aurkeztu behar dute beren burua, bere kontrol-erregimenarekin eta bere erabilera-logikarekin.

Arestian esan bezala, prozesu taktiko bikoitz hori gauzatzen duen agentea zein den galdegiten badugu, hau da, nork daraman espazio partikularren kontrol eraginkorra gauzatzen duten lan-prozesuen banaketa antolatua, bai eta espazioaren klase-erabilera kapitalistaren aurrean espazialtasun unibertsalaren eredu berria orokortzeko kultura-borrokako estrategia, agente hori Alderdi Komunista da bere garapen-fase guztietan. Bestalde, espazioaren kontrol sozialistari zein espazio-baliabideen sarbide sozializatuari esanahia ematen dion kontzeptu politikoa Estatu Sozialista da, espazioaren gaineko kontrol garatu eta artikulatua duen ortzi-muga.

2. Espazioaren erabilera kapitalistaren eredua kolpatzea, taktika sozialista artikulatzea

Espazioa kontrolatzeko baldintza zehatzak eta baldintza orokorrak bereizi behar ditugu, biak ala biak beharrezkoak baitira.

Baldintza partikularrek espazio bakoitzari eragiten diote zehazki, nor bere berezitasunekin: obra bidezko egokitzapenak, denbora jakin batean egonkortzeko aukera, espazioa defendatzeko gaitasuna, espazio hori erabilgarri eta garbi mantentzeko premia, parasitoz bete ez dadin edo berekoikerian eta despolitizazioan oinarritutako barne-lehia ergelak saihesteko prestakuntza politikoa duen administrazio-talde bat izatea, eta abar.

Baldintza orokorrei dagokienez, honako hauek dira: marko politikoa, lege-markoa, espazioaren gaineko langile kontrola zuzenean zigortzeko tresna polizialak eta, batez ere, espazioaren erabilera kapitalistarekiko legitimitate sozialerako baldintzak, erabilerarako eredu proletario potentzial bati dagokionez. Kosmobisio burgesaren ahulgunea, jabetza espazialari dagokionez, honetan datza: milioika espazio erabilerarik gabe, milioika pertsona eta elkarte espazioaren erabilerarako sarbiderik gabe. Adibideak ugariak dira: bankuek, putre-­funtsek eta gainerakoek milaka eta milaka espazio eta eraikin pilatzea, espekulaziorako jabetza pribatuak, milioika langileren soldatak kontrola ditzaten kredituekin, interesekin eta gehiegizko alokairuekin. Klase ertainak ere proletalgoaren bizitzaz aberasten dira, bizkarroiak legez, etxebizitza eta lokalak erostean eta proletarioei alokatzean: inoren soldata beraien aurrezki iturri bihurtzeko espekulatzen du, azken batean, burgesia txiki errentatzaileak, lanaren eta gehiengo sozialaren bizi-kalitatearen kaltearen kontura. Edota hitz egin genezake jabetza «publiko» instituzionaleko espazioak zabalduta egoteaz. Hori kontraesankorra da gizarteak haien gaineko kontrol erreal efektiboa izatearekin; izan ere, espazio horiek administrazioko alderdi batek edo besteak kontrolatzen ditu, eta estatuarekiko independentea den ehun proletario politiko, kultural eta soziala zuzenean dago baztertuta espazio horietako erabakimen zuzenetik, edo ehun horretako kideek ez dute espaziook erabiltzeko eskubiderik, edota traba burokratikoak, mespretxua, paternalismoa, eta burokrazia kapitalistaren kontrola eta tutoretza topatzen dituzte.

Bestela esan, ustiatu beharreko ahulgune nagusia espazioaren eta baliabideen erabilera kapitalista, irrazional eta zaharkitua da, azken batean, espazioaren gaineko kontrol burgesa legitimatzen duen berbera. Hau da, erabileraren eraginkortasunak legitimatzen du jabetzaren gaineko kontrol kapitalista eta indarrean den banaketa, eta guk propagandaren eta kontzeptuaren bidez erabileraren modalitate irrazional horri egin behar diogu aurre. Espazioen gaineko erabakimenerako sarbide mugatua, klase dirudunei munduaren gaineko kontrola ematen dien berbera, askoz argiago jartzen da auzitan agerian geratzen denean klase hauek erabakitzeko ahalmen hori beren onurarako eta gehiengo sozialaren interesaren aurka erabiltzen dutela. Errealitate hori ikusgai egin behar da, eta alternatiba erreal baten, eredu sozialista berriaren osotasun irudiarekin lotu, errealitatearen ertzetan inplizitu egon daitekeena.

Orduan, espazioaren gaineko kontrolerako zein jabetza espazialaren sozializazioaren defentsarako taktika orokorra garatzen hasteko momentuan, garrantzitsua da hurrengo auziak borrokatzeari lehentasuna ematea: batetik, espazioaren errenta-espekulazioa (handia, baina baita txikia ere); bigarrenik, gizartearentzat baliagarriak izan litezkeen milaka espazioren abandonua auzitan jartzea (abandonuak berez espazioa modu kapitalistan erabiltzea dakar, haren bitartez jabeak modu pasiboan gordetzen baitu metatutako plusbalioaren zati bat); eta, hirugarrenik, espazioaren jabetza publikoarekiko konfrontazioa, burokraziaren bidez maneiatua eta proletalgoa kanpo uzten duena. Borroka kulturalerako eraginkorra izango den estrategia bat garatzeko, lehentasuna aitortu behar zaie espekulaziora zuzendutako, jabe handiek abandonatutako eta titulartasun publiko-burokratiko burgeseko espazio eta eraikinei. Espazioaren erabileraren eredu sozialista berriarekin alderatuz, hiru eredu kapitalista horiek atzerapen historikoaren adibide argia dira, eta espazio berriak egonkortzeko nahiz espazioaren gaineko kontrol sozialistaren premia legitimatzeko ustiatu behar dira. Ildo taktiko orokor horrek, halaber, espazio-ereduaren ikuspegitik, Sozialismoak Kapitalismoaren aurrean duen nagusitasun historikoari eusten dio.

Borroka kulturalerako eraginkorra izango den estrategia bat garatzeko, lehentasuna aitortu behar zaie espekulaziora zuzendutako, jabe handiek abandonatutako eta titulartasun publiko-burokratiko burgeseko espazio eta eraikinei

Horrekin batera, termino orokorragoetan eta gatazka partikularretatik harago, espazioaren erabilerari eta kontrolari buruzko eztabaida zabaltzen asmatu behar dugu. Espazioaren gaineko kontrol kapitalistaren erabilera espekulatiboa problematizatu egin behar da, bi forma baititu: kontrol pribatua eta kontrol instituzionala, hau da, pribatua eta publikoa. Bi kasuetan, kontrola espazioaren jabetza kapitalistaren ondorioa da, eta estatuaren indarkeriaren monopolioan babesten da; bi kasuetan, burokrazia bidez gauzatzen da kontrola, eta bi kasuetan, espazioaren erabilera ekonomikoa lehenesten da, gehiengo sozialaren erabilera zuzenaren aurrean. Hau da, ez da soilik espekulazio-erabilera (kapital errentagarria) lehenesten, baita espazioak ekonomia burgesa (kapital produktiboa) bultzatzeko eskaintzen duen aukera ere. Hori argi ikusten da maila instituzionalean, lurzoruaren ustiapen ekonomikoaren faktoreak lurrak kalifikatzeko orduan hartzen duen lehentasunean, edo eraikin publikoen erabilera eta zesioak erabakitzean, jarduera ekonomikoa, turistikoa eta abar dinamizatzen dituzten enpresa eta elkarteak lehenesten direlarik.

Lehentasun kapitalisten mapa honetan, espazioetarako sarbide unibertsal eta doakoek (etxebizitzarako, militantzia politikorako edo langileen asoziazionismo sozial eta kultural askerako) ez dute tokirik, ez dira ezta onargarri ere. Burgesiaren alderdiaren helburua, hain zuzen ere, espazioaren erabilera zuzen eta doakoaren aukera jendearen zentzutik kanpo mantentzea da, eta erabilera politikoa erabateko irmotasunez zanpatzea, beste erabilera batzuetarako baldintza den aldetik.

Argi dago zein elementu hartu behar diren kontuan eztabaida alde batetik espazioaren erabilera sozialista eta zuzenki proletarioaren, eta bestetik espazioaren erabilera kapitalistaren (logika baztertzaile eta esplotatzailea duena) legitimitatearen koordenatuetara eramateko. Honetarako, antolakuntza- eta taktika-tresna egokiak garatu behar ditugu, kontzeptu honek objektiboki ordezka lezakeen gehiengo sozialak ikuspuntu berrira iristeko aukera izan dezan.

3. Kontrolaren behin-behinekotasunaren faktorea eta Prozesu Sozialistaren garapen-maila

Espazioaren gaineko kontrol sozialista, eskala sozialean antolatutako eta osotasunari dagokion estrategia bati loturiko langile kontrola, espazioaren erabilera sozialistaren aukera barnebiltzen duen forma politikoa da. Erabilera sozialista, espazioaren erabilera kapitalista bezala, aldi baterako erabilera da, eta erabilera horrek dagokion jarduerari eta haren iraupenari lotutako denbora-mugak ditu.

Hala ere, komunismoaren estrategia- eta antolakuntza-berreraketaren hastapenetan, kasu gehienetan espazioen aldi baterako kontrol mugatua baino ezin lor dezakegu. Muga hori ez dagokie erabileraren aldi baterako beharrei, estatuak egonkortutako jabetza burgesaren ereduan gertatzen den bezala, baizik eta Prozesu Sozialistatik kanpoko indarrei (estatu burgesari, hain zuzen ere). Hauek erabiltzaileen behar materiala bortxatzen dute, eta espazioaren gaineko langile kontrolaren amaiera dakarte, lekuaren erabilera-denbora edo beharra bukatu gabe egonik ere: gizarte-zentroak hustea, prebentziozko utzarazteak, bankuaren espropiazio bidezko proletarioen etxegabetzeak, etab. Muga honetaz jakitun, estrategiaren eta antolaketaren berrosatzearen lehen etapetan espazioen behin behineko egonkortzearekin jolastu behar dugu, faktore mugikorra dela ulertuz, alegia, espazio-unitate sozialista luzaroan erabat dinamikoa eta aldakorra izango dela.

Zentzu horretan, lehenik eta behin, taktikaren erdigunea espazio unitate edo sare sozialista bera dela ulertu behar dugu, kontrol sozialistako unitate dinamiko eta behin-behinekoa. Espazio Sare Sozialistan ez da ezinbesteko espaziorik; areago, espazio berrietarako sarrera eta irteerak etengabea izan beharko du, behinik behin nolabaiteko egonkortasuna eta indar politiko orokorra lortu arte.

Bigarrenik, espazio berri bakoitzak denboraltasun- eta erabilera-helburu mugatuak izan behar ditu, egonkortzeko aukera zehatzei loturik. Ez da okerra espazioak denbora mugatuan erabiltzea, baldin eta haien erabilera egokitzen asmatzen bada, eta azkar esku hartzeko eta espazioak denbora eraginkorrean kualifikatzeko antolakuntzan aurrera egiten bada. Espazioak bi edo hiru urteko iraupena duen estrategia baterako arras erabilgarriak izan daitezke, eta horiek husteak ez du porrot-sentsazioaren arrazoi izan behar. Aitzitik, espazioa hustea bera aurrerapen-elementu bat gehiago izan daiteke, ikuspegi taktikotik modu egokian kokatzen asmatzen bada.

Hirugarrenik, espazioaren gaineko kontrol sozialistaren taktikari egonkortasuna emateko, garrantzitsua da Espazio Sare Sozialista berria nodo zentralen edo espazio egonkorren multzo baten gainean egituratzea, edo denbora luzez egonkortutako espazioen gainean (hamar urtetik gora adibidez). Hauen guztien inguruan, espazio aldakor andanak existitu behar du, denboraltasun laburrekoak, haien erabilera intentsibo, eraginkor eta ez-kaltegarria egin dezakeguna. Funtsezkoa izango da inteligentzia taktikoz jokatzea, eta behin-behinekotasunaren problematika adimen horretan modu konplexuan sartzen asmatzea une oro.

Laugarrenik, beharrezkoa da ulertzea espazioaren gaineko kontrolaren sare sozialista kualifikatu horiek jada zentro edo etxebizitza okupatu ugari existitzen diren mapa batean egituratzen ari direla. Hauek guztiak, gehiago ala gutxiago, egoera ahulean aurkitzen dira, eta antolakunde komunistarekin espazioaren gaineko langile kontrolarekiko interesa partekatzen duten hainbat eragilek parte hartzen dute haietan, ideia desberdinak izanik ere. Komunistok ez gatoz esperientzia horiek guztiak arbuiatzera, geure ideiekin eztabaidatzera gatoz, eta, ahal dela, alde proletario guztien onurarako izan litezkeen aliantzak eratzera. Ahal den neurrian, eragile horiekiko komunikazioan sakondu behar da, eta, ahal dela, elkarrekiko lankidetza sustatu, Langile Kontrolpeko Espazioak defendatzeko, testuaren hasieran definitu ditugun bezala, eta, hori lortuko balitz, zalantzarik gabe epe laburrean batzuen eta besteen espazioak aldi baterako egonkortzeko bultzada (mugatua oraindik) lortuko genuke. Nolanahi ere, epe luzera, denbora mugagaberako kontrola eskuratzeko berme bakarra antolakuntza sozialista handian, masa alderdi komunistan, aurkitzen da. Izan ere, mendebalde osoan okupazioaren paradigmatik geratzen diren zentro eta espazio isolatuak urriak eta indar mugatukoak dira, hein handi batean jarraitzen dion ereduaren ondorioz.

Azken batean, Espazio Sare Sozialista berri bat osatzen duten espazio partikularren behin-behinekotasuna, edo, bestela esanda, espazio partikularren langile kontrola osatzen duen egonkortasun-aldi jakina, estrategiaren garapen-maila orokorraren mende dago guztiz, antolakuntza komunista handiak espazioaren kontrolerako baldintza orokorrak, politikoak, juridikoak eta kulturalak iraultzeko duen gaitasunaren mende.

Amaitzeko, garrantzitsua da azpimarratzea testu honetan zirriborratutako taktika (Artekaren zenbaki honetan argitaratutako beste testuekin batera irakurri behar da, ezinbestean) aplikazio orokorrekoa dela, ez dagoela Euskal Herrira edo bere baldintza berezietara mugaturik. Horrela, gure mugimenduan garatu ditugun antolaketa-eztabaida desberdinen ondorioz, nazioartean aplikagarria den espazioaren gaineko langile kontrolerako taktika sozialista bat egituratzeko eredu-oinarri bat ezartzen duela.

EZ DAGO IRUZKINIK

HEMEN ARGITARATUA