«Rotundo no de Euskadi a la OTAN». 1986ko Egin egunkariko azal hartatik makina bat udaberri pasatu dira, eta testuingurua oso bestelakoa da orain. Espainiako Gobernuak gastu militarreko inbertsioak igotzea babestu du –ia %26ko igoera iaztik hona–. Gorakada hori inbestidura blokearen babesarekin atera da aurrera, horiek ahalbidetu baitute 2023ko aurrekontuak bideragarriak izatea. Guztira 4.902 milioi euroko inbertsioa egingo da, programa berezietara eta arloko modernizaziora bideratua, eta, bide beretik, inbertsio horrek 22.667 lanpostu zuzen edo zeharkako sortuko ditu. NATOrekiko konpromiso irmoa, itxuraz: «rotundo sí a la OTAN»?
Elite ekonomiko eta politikoen apustu estrategikoetako bat da NATO indartzea. Bloke geopolitikoen arteko gudan apustu bat gehiago da merkatuaren kontrola, eta aukera ematen du botere politikoaren kuotak eskuratzeko eta klase ertain murritzari eusteko. Delegaziozko gerra inperialistei bide emango dien testuinguru bat ari dira eraikitzen gure begien aurrean, bakearen izenean proletalgoaren miseria bultzatuko duena batez ere periferiako herrialdeetan. Testuinguru horren konplize dira aurrekontu horiek babestu dituztenak ere.
Eliteen baliabide ankerrena da gerra. Biolentzia izan da indar produktiboak garatzeko eta parez pare agertu zaizkion trabei aurre egiteko erabili duten bitartekoa, eta horren muturreko adierazpena litzateke gerra. Estatuen biolentzia antolatuaren maila gorena dira gerrak, eraldaketarako trantsizio epeak laburtzeko prozesu multzoa; zehazki eliteentzat onuragarria den testuinguru konkretu bat bultzatzen dute. Biolentzia bera potentzia ekonomiko bat da, eta klase subordinazioa betikotzeko helburua duen biolentzia hori antolatzeko gaitasuna indar politikoaren elementuetako bat.
Klase ertainaren ordezkari diren alderdi politikoek otzan erantzun diete NATOren exijentziei. Garesti ordainduko duena proletalgoa izango da, ordea. Estatu polizialen bortizkeria eta bortizkeria militarra normalizatuz eta eskubide politikoak urratuz, hasiak dira jada normaltasun berri bat gorpuzten, non bakearen kontzeptua proletalgoaren sumisioarekin lotuta egongo den. Proletalgoarentzat, NATOren, gerra inperialisten eta basakeria kapitalistaren aterabide erreal bakarra internazionalismoa gorpuztea eta Europa mailan independentzia politikoz antolatuko den alderdi komunista eraikitzen hastea da.