Herrialde Katalanetan, Arran antolakundeko zuzendaritzak (Esquerra Independentista mugimenduko gazte antolakunde nagusia) Valentziako talde osoa antolakundetik kanporatu du, haien desadostasun politikoak eta kritika publikoak onartezinak direla argudiatuta eta «zatiketa» eragitea leporatuta. Modu horretara, haietako askoren hamar urteko Arraneko militantzia zikloa eten du zuzendaritzak, eta antolakundearen atzeko atetik bidali ditu, gainera; hala, haien posizio politikoen gaineko desitxuraketa zein manipulazioa eta askotariko jazarpen pertsonala baimendu ditu.
Duela hilabete batzuetatik hona modu nabarmenean bistaratu da Arran antolakundea joera politiko ezberdinek osatzen dutela, hainbat hiri eta auzotako militanteek eta baita hainbat talde osok ere publikoki bat egin baitute antolakundeko zuzendaritza eta ildo politiko ofiziala ikuspuntu eta borondate komunista batetik kritikatzean.
Ildo ofizialaren defendatzaileen erantzuna, baina, barne-demokraziaren printzipioa aplikatu eta eztabaida politikoari zein arrazoiari bere bidea egiteko espazioak sortu ordez, errepresio politikoa erabiltzea izan da. Zuzendaritzaren jabe izateak eskaintzen dizkien botere posizioa eta baliabideak erabili dituzte «kritikoen» aurka, eta antolakundearen krisia kolpe bakar batez amaitzeko apustua egin dute; kritiken foku publikoa antolakundetik kanpo geratzea nahi dute, eragiteko gaitasuna galdu dezan horrela, eta, gainera, gainontzeko «kritikoei» ere lezio bat eman nahi diete, ea jazarpenaren beldurrez isildu eta dagoena onartzen duten.
Litekeena da datozen aste eta hilabeteetan Arraneko zuzendaritzak erretorika eta diskurtso komunista gehiago indartzea, kritiken efektua indargabetu eta «kritikoen» zati bat berenganatzeko helburuarekin. Diskurtsoa, ordea, hitzontzikeria baino ez da, praktika eta programa politiko koherente batek ez badu sostengatzen. Are, komunismoaren izenean programa politiko sozialdemokrata defendatzeari fartsa antolatua ere dei dakioke.
Komunistontzat, aldiz, testuinguru historiko honetan saihestezina den zeregina zera da, mundu mailako oligarkiaren eta estatu kapitalisten ofentsiba ekonomiko eta politikoaren aurrean erabat babesgabe eta noraezean dagoen proletalgoa politikoki eta ortzi-muga sozialistaren norabidean antolatzeko bitartekoak sortzea, komunismoak gero eta atxikimendu handiagoa lortu dezan, eta gero eta indar eta eraginkortasun handiagoa pilatu dezan.