ARGAZKIA / Monscapgirats
2024/11/01

Eredu sozialdemokrata sistema kapitalistaren asmo onak hobekien ordezkatzen dituen hori da. Zerbaitegatik ez du inoiz oinarri hartzen egungo gizartea, haren antolakuntza-eredua eta burgesiaren menderakuntza zaharkituta daudela erakusten duen eredurik. Hauek dira haren eredu handienak: gastu sozialean inbertsio handiak egiten dituzten estatuak, merkatua arautzeko legeak ezartzen eta ikerkuntzan eta garapenean inbertsioak egiten dituztenak, alegia, oparotasun kapitalistaren eredua, eta ez kapitalismoaren krisi eta agorpen historikoarenak.

Ordea, eredu sozialdemokrata bere pentsamenduan bakarrik existitzen da. Bere egiten du positibotzat jotzen duen hori, eta, bitartean, saihestu egiten du negatibotzat jotzen duena. Ilusio optikoa honakoa da: ezinezkoa dela halako banaketarik egitea, positiboa eta negatiboa ez baitira errealitatearen distortsio bat besterik, ideologia kapitalistaren nukleoan den distortsio bat. Hori horrela, Manifestu Komunistan deskribatzen den sozialismo burgesaren tonu berean, kapitalismoaren miseriak eten nahi ditu kapitalismoa bera deuseztatu gabe, zeinak esentziaz eta halabeharrez miseria baitakar desjabetuen klasearentzat.

Sozialdemokraziaren ustez, mantendu beharrekoak dira, besteak beste, kapitalismoaren oparotasuna eta aberastasuna –forma kapitalistan, dirutan neurtuta–, eta, aldiz, ukatu egin behar da haiek ahalbidetzen dituena, izan garunean edo diskurtsoan; izan ere, haren egiazko ukazioak berekin dakar aldarrikatzen dituzten oparotasuna eta politika sozialak desagertzea. Laburbilduz, eredua existitzearen arrazoia da herrialde gehienek ezin dutela halakorik izan; eredu negatiboari esker bakarrik da posible eredu positiboa. Sistema kapitalistan, aberastasuna pobreziak ekoizten du zentzu guztietan. Lehenbizi, pobrezia gorpuzten duen klaseak –proletalgoak– ekoizten duelako gainbalioa, hau da, aberastasun kapitalistaren forma. Bigarren, gizartea kontrako klase sozialen bi poloz osatuta dagoenez, polo antagonikoz alegia, aberastasunaren auzia erlatiboki ebazten da, polo batentzat desjabetze eta bestearentzat metaketa moduan. Ez dago aberastasun absolutuaren pareko ezer, errege bat zentzu absolutuan errege izan ezin daitekeen moduan baldin eta ez badu berak gobernatzeko mendekorik.

Sozialdemokraziaren ustez, mantendu beharrekoak dira, besteak beste, kapitalismoaren oparotasuna eta aberastasuna –forma kapitalistan, dirutan neurtuta–, eta, aldiz, ukatu egin behar da haiek ahalbidetzen dituena, izan garunean edo diskurtsoan; izan ere, haren egiazko ukazioak berekin dakar aldarrikatzen dituzten oparotasuna eta politika sozialak desagertzea

Beraz, ekonomia kapitalistaren eredu bat aldarrikatzeak kapitalismoa aldarrikatzea dakar –ondorio guztiekin–, eta ez, sozialdemokratek aldarrika-tzen duten eran, langile-klasearen bizi-baldintzak hobetzea. Kontrara, kapitalismoaren eredu positibo bat aldarrikatzeak indartu besterik ez du egiten proletalgoak nolako miseria orokortua bizi duen balantzaren kontrako aldean, hau da, nolako kateek lotzen duten proletalgoa pobreziaren ekoizpen-sistemara. Era berean, herrialdearentzat berarentzat oparotasun politikak aldarrikatzea beste herrialde batzuetako pobrezia aldarrikatzea da. Kapitalaren metaketako estrategia nazionaletan ez da posible proletalgoaren emantzipaziorik; erdiko klase zabal bat duten herrialde oparo horietan ere, proletalgoa dago kalean, desjabetua, irudi bizi bat balitz bezala, hemen jarraitzen dugula eta erabateko emantzipaziora arte hemen jarraituko dugula erakusten.

Baina hau ez da auzi ekonomikoa bakarrik. Nazio baten gailentasun ekonomikoarekin batera, haren gailentasun politikoa ere badator; hau da, gailentasuna ez da egitate-kontu bat, eskubide- eta subjektu-kontu bat baino. Gailentasun ekonomikoak etengabe inplikatzen eta aurresuposatzen duena Estatuaren gailentasuna da, hau da, nazio jakin baten eta haren burgesiaren gailentasun politikoa munduaren joko-zelaian. Izan ere, ekonomia ez dator berez emana, eta ez da gauzen arteko harremanen kontu bat. Menderakuntzak zeregin ezinbestekoa jokatzen duen harreman sozial bat da ekonomia.

Baina hau ez da auzi ekonomikoa bakarrik. Nazio baten gailentasun ekonomikoarekin batera, haren gailentasun politikoa ere badator; hau da, gailentasuna ez da egitate-kontu bat, eskubide- eta subjektu-kontu bat baino. Gailentasun ekonomikoak etengabe inplikatzen eta aurresuposatzen duena Estatuaren gailentasuna da, hau da, nazio jakin baten eta haren burgesiaren gailentasun politikoa munduaren joko-zelaian

Kontua ez da sozialdemokraziarentzat eredugarria den herrialde batek –zenbaki honetan, herrialde eskandinaviarrak– besterik gabe frogatzea posible dela oparotasun-politikak hartzea erabaki ekonomiko zuzenak hartuz gero. Subjektua, hain justu, sozialdemokraziaren alde positiboaren eta negatiboaren arteko espazioan sortzen da; objektuaren beraren barne-krisiaren egoeran sortzen da. Horrela, proletariotzaren miseriak –eta, are gehiago, herrialde pobreetako proletariotzak– eusten dio oparotasun ekonomikoari eta sozialdemokraziak aldarrikatzen duen ereduari. Eta hori erabaki bat da, miseria baita oparotasunaren ezinbesteko baldintza.

Sozialdemokraziak saihestu eta ezkutatu egiten du herrialde inperialistak direla bere eredu-herrialdeak –inperialismoaren zentzurik politikoenean, hots, leninistan, eta ez zentzu akademizistan, zeinak justifikatu egiten baitu ekonomia kapitalistaren joera ia mekanikoa eta ia arau ekonomiko baten edo egitate natural baten biktima moduan aurkezten baitu subjektu erantzulea–; sozialdemokraziak ezkutatu egiten du herrialde horiek NATOren politiketan parte hartzen dutela, migrazioaren kontrako politika oso konkretuak jartzen dituztela martxan teknologizazio eta lanaren kualifikazio altuan oinarritutako eredu ekonomiko bat sostengatzeko… Ezkutatu egiten du herrialde horien historia, nahiz eta, egiaz, guztiz kontuan hartzekoa den haien egungo posizio ekonomikoa ulertu nahi bada: alegia, ezkutatu egiten du herrialde horiek babesa eman dietela erregimen totalitarioei, nazismoari eta Europar Batasunari. Ezkutatu egiten ditu haien egungo joerak –eskuintzea eta erradikalizatzea–, joko-zelai politikoan duten posizioarentzat beharrezkoak eta haren berezkoak direnak.

Laburbilduz, oparotasuna, hura gauzen ugaritasun modura ulertuta, ez da egitate ekonomiko bat. Oparotasunerako, ez da nahikoa posizio geografiko apropos bat eta baliabide natural asko izatea; gerra baten emaitza auzi meteorologiko edo lurraren kondizioan bakarrik oinarrituta azaltzea bezala litzateke hori. Auzi horiek garrantzitsuak dira, baina erabakigarria honako hau da:alde bakoitzak nolako gaitasunak dituen ezbeharrei aurre egiteko.

Oparotasuna, hura gauzen ugaritasun modura ulertuta, ez da egitate ekonomiko bat. Oparotasunerako, ez da nahikoa posizio geografiko apropos bat eta baliabide natural asko izatea; gerra baten emaitza auzi meteorologiko edo lurraren kondizioan bakarrik oinarrituta azaltzea bezala litzateke hori. Auzi horiek garrantzitsuak dira, baina erabakigarria honako hau da:alde bakoitzak nolako gaitasunak dituen ezbeharrei aurre egiteko

Kasu honetan ere, auziaren gakoa zera da, baliabide horiek noren esku dauden, ez muga geografikoen zentzuan, baizik eta geopolitikaren eta baliabide horien kontrol errealarenean. Eta sozialdemokraziak aitortu egiten du bereizketa hori, ongi jakin eta argudiatzen baitu nolako politikak hartzen diren dela kontua, nahiz eta hori, bide batez, faltsua izan, edozein politikak edonorako balio duela uste baitu. Ordea, sozialdemokraziak badaki badirela politika espezifiko batzuk testuinguru konkretuaren arabera hartu beharrekoak, eta, halaber, jakitun da –eta horregatik ez dago absoluzio posiblerik– politika horiek proletariotzaren miseria dakartela ezinbestean, eta, bereziki, herrialde pobreenetako proletariotzarena. Aldarrikatzen dute beharrezkoa dela ekoizpen-sistemak teknologizazio eta modernizazio handiagoa izatea eta, halaber, estatuak neurri handiagoan interbenitzea prozesu horretan, munduan ekoizten den pastelaren puska handiagoa ziurtatzeko –zeinaren osagai nagusia bereizi gabeko lan-gelatina metatua baita, hau da, langile-klaseari bere osotasunean esplotaturiko lana–.

Esan dugun moduan, bereizgarria dena ez da baliabideen banaketa geografikoa, ezpada baliabide horiek edukitzeko, antolatzeko eta haietaz jabetzeko erabiltzen den forma. Ez da nahikoa petrolioa estatu baten barruan izatea; haren ekoizpen-prozesuaren kontrol eraginkorra behar da, hots, hartaz jabetzeko gaitasuna. Herrialde pobre batzuek baliabide natural oparoak dituzte, baina baliabideok herrialde inperialisten kontrolpean daude; hori horrela, beharrezkoa da baliabide horien jabe egiteko gaitasun politikoa, hau da, munduko ordenamenduaren eta botere politiko inperialistaren parte ezinbesteko eta garrantzitsu izatea. Hain justu, sozialdemokraziari datu horrexek egiten dio alde bere eredu ekonomikoa herrialde garaileenarekin konparatzen duenean.

Bereizgarria dena ez da baliabideen banaketa geografikoa, ezpada baliabide horiek edukitzeko, antolatzeko eta haietaz jabetzeko erabiltzen den forma. Ez da nahikoa petrolioa estatu baten barruan izatea; haren ekoizpen-prozesuaren kontrol eraginkorra behar da, hots, hartaz jabetzeko gaitasuna. Herrialde pobre batzuek baliabide natural oparoak dituzte, baina baliabideok herrialde inperialisten kontrolpean daude; hori horrela, beharrezkoa da baliabide horien jabe egiteko gaitasun politikoa, hau da, munduko ordenamenduaren eta botere politiko inperialistaren parte ezinbesteko eta garrantzitsu izatea
EZ DAGO IRUZKINIK