"Azken urteetan, ilusio europar asko txikituak izan dira. Bake iraunkorra delako ilusioa [...]. Gure ingurura begiratzen dugu, eta argi dakusagu ez dagoela ilusio gehiagorentzako lekurik". Hala zioen, otsailean, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen andereak. Onartu beharra dago: arrazoi du. Zer ikusi dugu azken urteetan? Pobrezia gero eta handiagoa, legearen gogortze bat, Ongizate Estatuaren suntsitze progresiboa, ideia eta talde faxisten zabaltzea; gerra, berriz ere, kontinentean; (beste) genozidio bat gure pantailetan. Joana da gauzak ondo zihoazelako ilusioa. Belztu da ortzi-muga; zahar eta gazteek, denek hitz egiten dute hondamendiaz.
"Goraldian dagoen autoritarioen liga kezkagarri baten potentzia eta arriskua ari gara ikusten [...] Eta Europar Batasuneko estatu kideak beren defentsa gastuak ere areagotzen ari dira. Haien defentsa nazionalerako aurrekontuak jada %20 igo dira aurreko urtearen aldean". Onartu beharra dago, freskagarria da hain gardenki hitz egiten duen politikari bati entzutea. "Baina askoz gehiago daukagu egiteko. Eta azkar jokatu behar dugu [...] Gerraren arriskua ez da, agian, berehalakoa, baina ez da ezinezkoa".
Lapsus bat izan du Von der Leyen andereak. Ahaztu egin zaio gerra, jada, izan badela. Agian ez du The New York Timesek 2023ko abuztuan argitaratutako txostena irakurri, zeinaren arabera Ukrainan hildako soldaduak 70.000 inguru diren, hau da, Zelenskyren gobernuak aurten emandako zifraren bikoitza baino gehiago. Barkatu egingo diogu Von der Leyeni, azkenaldian oso lanpetua dabil eta. Eta orain, gainera, Ekialde Hurbilean egosten ari denaren kezka gehitu zaio! Barkatu diezaiogun ba, zeren eta mezua, azken finean, aski argia baita: gerrara garamatzate.
"Ez daukagu konfortaren luxurik, horixe da egia. Ez daukagu hauteskundeen edo munduko beste leku batzuetako erabakien gaineko kontrolik. Eta, labur esanda, ez daukagu denborarik auzia saihesten ibiltzeko". Gerrara garamatzate Von der Leyen eta bere lagunek, sozialdemokrata nahiz eskuindar, ekologista nahiz liberal. Batzuetan, zaila da erabakitzea zeinek merezi duten gorroto handiagoa: banpiroak bailiran pobreen odolaren gose agertzen diren gerrazaleek, ala limurtzaile gezurtiek, irribarrez, gerraren aurkako zurikeriekin haien erabateko inpotentzia ezkutatzen saiatzen direnek. Ez eduki inolako zalantzarik: batzuek zein besteek gerrara garamatzate.
Batzuetan, zaila da erabakitzea zeinek merezi duten gorroto gehiago: banpiroak bailiran pobreen odolaren gose agertzen diren gerrazaleek, ala limurtzaile gezurtiek, irribarrez, gerraren aurkako zurikeriekin haien erabateko inpotentzia ezkutatzen saiatzen direnek. Ez eduki inolako zalantzarik: batzuek zein besteek gerrara garamatzate
"Erroan [...], ezinbestekoa eta hil ala bizikoa den horren gaineko ardura guk hartzea da kontua. Gure interesak eta gure balioak guk geuk defendatzeko gaitasuna eta borondatea [...] Pauso hau (…) ez da erraza izango. Erabaki kementsuak eta ausardia politikoa eskatuko ditu [...] Alde ona da: lan hau hasia dugu jada". Von der Leyenen bandoak argi dauka zein den bere zeregina. Krisi garaian bizi gara; aldaketa sasoia da. Mundua ez da sekula izango lehen zena, baina hau ez da tristatzeko motiboa. Nostalgia alferrikako sentimendua baita, iraultzaile orok baztertu beharrekoa. "Egia zera delako, ez garela gatazkarekin bizi 2022a ezkero bakarrik, askoz lehenagotik baizik".
Besoak gurutzatuta geratu behar ote dugu gure anai-arreben aurkako gerra egiten duten bitartean? Haiek hiltzera bidali nahi gaituztela? Ba al dugu, akaso, zer galdurik? Von der Leyen eta bera bezalakoen legea da bizitza mota guztien aurkako ofentsiba etengabea. Gurea, berriz, aske eta berdinen mundua eraikitzeko proiektua. Haiek ematen digute: miseria eta heriotza. Zer emango diegu guk, ez bada gure oposizio sutsuena, gure amorru justua, gure gogo eta gorputzak, haien aurkako arma bilakaturik? "Kontua da jazarleak, gudu-zelaian ez ezik, gizarte osoan zehar garaitzea".
Entzun diezaiogun, adiskideak, Von der Leyen andereari! Egin diezaiogun kasu! Prestatu gaitezen gerrarako!
HEMEN ARGITARATUA