2025/06/01

1848an, gerora Lurraren luze-zabalean errealitate ukigarri izango zena aurreratu zuten Manifestu Komunistan Marxek eta Engelsek: langileek ez dute aberririk. Hori esan zuten unean, sortzen ari ziren iraultza burgesak, eta, aldi berean, borroka politikoaren, borroka iraultzailearen eta mugimendu demokratiko-nazionalen lehenengo lerrora egin zuten jauzi proletariotzak eta masa handiek. Manifestuaren egileek ez zuten une politiko guztiz determinanteetan nahasmena sor zezaketen esaldi anbiguo eta ilunik esaten, eta, halaber, zuzen zebiltzan bizitzen ari ziren une hori zein garrantzitsua den ulertzen. Baieztapen horrek, beraz, ez du biderik ematen esanahi bikoitzetarako. 

1848an, gerora Lurraren luze-zabalean errealitate ukigarri izango zena aurreratu zuten Manifestu Komunistan Marxek eta Engelsek: langileek ez dute aberririk

Nahiz eta XIX. mendean zenbait mugimendu nazionalista egia hori –“langileek ez dute aberririk”– erlatibizatzen saiatu ziren argudiatuz proletariotzak ez duela aberririk ez duelako botererik edo lapurtu egin diotelako izan zezakeena, errealitateak gero eta gehiago erakusten du proletariotza ez dela nazioa eta ezin duela izan, nazioaz kanpoko agente elementu bateratzaile gisa, haren existentziaren froga gisa balio duen agentea baita leku guztietan: arrisku bat da, erruduna, indar nazional guztiak haren kontra bateratzeko aukera ematen duena. Nazionalistek proletariotza baztertzen dute, kanporatu, nazioaren etsai gisa identifikatzen dute, eta bazterketa-ekintza hori bihurtzen da nazioaren sorrera-une. Horrela, proletariotzaren nazio-integrazioa, proletariotza nazio bihurtzea izan litzateke nazioaren hil aurreko azken ekintza, haren heriotza-agiria.

Nazio-eztanda handiak eta gorakada nazionalista erreakzionarioa kanpaina antiproletario eta antikomunista erasokor batekin datoz, zeinak, proletariotza miseria sozial erabatekoenean hondoratu ez ezik, haren gaitasun politikoak eta emantzipazio-aukerak deuseztatu nahi baititu

Nazio-eztanda handiak eta gorakada nazionalista erreakzionarioa kanpaina antiproletario eta antikomunista erasokor batekin datoz, zeinak, proletariotza miseria sozial erabatekoenean hondoratu ez ezik, haren gaitasun politikoak eta emantzipazio-aukerak deuseztatu nahi baititu. Egungo erreakzio faxista batuta dago, oraingoan ere, etsai komunaren aurka, proletariotzaren aurka, eta, horretarako, hegalik zaurgarrienari egiten dio eraso: proletariotza migratzaileari. Gainera, ordura arte etsaituta zeuden joera nazionalistak bateratzen ditu nazio jakin baten baitan, eta –are paradoxikoagoa– ordura arte etsaitutako nazioak adiskidetzen ditu. Denek egiten dute bat nazioa salbatzeko zeregin handian, hau da, klase ertainaren espazio pribilegiatua eta politika antiproletarioaren nukleoa salbatzeko zereginean –burgesia nazionalaren esku dagoen kapital metaketari esker da posible espazio hori–, nahiz eta horrek berekin ekarri ordura arte beren nazioa izana zena sakrifikatu beharra, baita hura gerrara eta suntsiketara eramanez ere.

1939an egin zuten moduan, gaur, ere, potentzia kapitalista handiak elkar hartuta daude beren esplotazio-munduaren deskonponsizioari aurre egiteko. Nazioa botere-bloke egonkor gisa berrezartzea da kapitalistek erdigune inperialistan duten zeregin komuna, Mendebaldeko gizarteen nukleoko proletarioen masifikazioaren problemari aurre egiteko –hau da, proletarizazio-prozesu intentsibo eta estentsiboari–. Kapitalisten zeregin komun hori, Kapitalaren aginte-botere autoritario eta bateratuaren instituzioa bezalaxe, kapitalisten arteko Mundu Gerra bat izatearen arriskuaren pean eta haren bidez garatzen da, jakina.

Halaber, proletarizazio-prozesua ezkutaturik ageri da, proletario migratzaileak erdigune inperialistara bidaltzeko inportazio gisa. Alabaina, interpretazio hori faltsua da; izan ere, Mendebaldeko gizartea krisian sartu eta barrutik deskonposatzen denetik aurrera bakarrik bihurtzen da gatazka-gune. Horrela, proletarizazio-prozesuak politika antiproletario, arrazista eta faxisten bidez erreakzio­natzen du. Prozesu horrek ematen dio bide kapitalisten batasunari gatazkaren erdian. Izan ere, kanpoko arriskua, hau da, proletarizazioak sistema suntsitzearen arriskua arraza-arrisku bilakatzeak, subiranotasun-problema bilakatzeak alegia, aukera ematen du nazioaren estatusa proletariotzaren bazterketa sozialeko eta menderakuntzako elementu gisa berritzeko. Horrek, gainera, ez du galarazten nazio-subiranotasuneko prozesuak beste nazio batzu­en subiranotasuna urratuz egitea bidea.

Europako zenbait herrialdetan, masakratu egin zituzten Alderdi Komunistak, haietako asko plan judutar baten parte izateaz akusatuta. Arrazoi horiexek erabili zituen Alemania naziak ere Sobietar Batasunaren oposizioa justifikatu eta inbaditzeko. Arrazoi horien bidez ezkutatu egin nahi zuten Mendebaldeko inperialismoaren krisi ekonomikoa, klase-borroka bere horretan, eta hura Alderdi Komunistek gidaturiko krisi iraultzaile bihur zitekeelako arriskua

Hori aski ezaguna eta antzemateko modukoa da Bigarren Mundu Gerran, , zeina 1939an hasi baitzen. Hartan, Alemaniako gizartearen baitan etnia- eta arraza­-arazo bihurtu zen mundu kapitalista osoaren krisia. Horrek, subiranotasun nazionala berrezartzeko, abangoardia kapitalista jarri zuen boterean: Alemaniaren subiranotasuna ez ezik, baita arraza zuriaren, erdigune inperialistaren eta munduko kapitalismoaren subiranotasuna ere. Nazio-subiranotasunaren printzipioak gatazkaren eta gerraren bidez egin zuen bidea, eta baita beste herrialde batzuk inbadituz eta bere nazio-subiranotasuna apurtuz ere. 

Orduan ere, errudun bat artikulatzeak eman zuen aukera proletariotzaren gaitasun politikoak munduko eskalan suntsitzeko. Judutarren kontrako gerrak nazismoaren aginte militarista eta diktatorialaren pean batu zuen mundu kapitalista komunismoaren mehatxuaren kontra. Europako zenbait herrialdetan, masakratu egin zituzten Alderdi Komunistak, haietako asko plan judutar baten parte izateaz akusatuta. Arrazoi horiexek erabili zituen Alemania naziak ere Sobietar Batasunaren oposizioa justifikatu eta inbaditzeko. Arrazoi horien bidez ezkutatu egin nahi zuten Mendebaldeko inperialismoaren krisi ekonomikoa, klase-borroka bere horretan, eta hura Alderdi Komunistek gidaturiko krisi iraultzaile bihur zitekeelako arriskua. Izan ere, krisi hori gainditzeko, aginte kapitalistaren autoritate-batasuna behar zen, komunistek eta judutarrek osatzen zuten kanpo figura horren oposizioan artikulatua.

Era berean, herrialde kapitalistek nazismoaren kontrako erresistentziarako deia egin zuten subiranotasun nazionalaren izenean, eta, horrela, naziek defendatu eta praktikatutako subiranotasun prin­tzipioa indartu zuten.

Sobietar Batasunak, Stalin buru zuela, “Aberriaren Gerra Handi” izendatu zuen nazismoaren eta abangoardia kapitalistaren kontrako gerra. Alabaina, ez zen aberri nazional bat Mendebaldeko aberri nazionalen kontra, baizik eta proletariotzaren eta komunismoaren gerra potentzia kapitalista guztien kontra, basakeria naziak potentzialki ordezkatzen zituenak. Aberri sozialistak ez zuen zerikusirik aberri kapitalistarekin; haren subiranotasunaren printzipioa ez zetzan nazioa klase kapitalistaren boterearen nukleo gisa defendatzean, baizik eta nazioartean antolaturiko proletariotzaren defentsan. Komunismoak gizarte kapitalistaren kontra egindako gerra da eta izango da Aberriaren Gerra Handia. Proletalgoaren aberria komunismoa da; lehen, orain eta beti.