AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EAJ
2025/02/11 11:44

Euzkadi Buru Batzarra (EBB) berritzeko barne-hauteskundeen lehen itzulia gorabeheratsua izan da Euzko Alderdi Jeltzalean (EAJ). Orain arte EBBko presidente izandako Andoni Ortuzarren lidergoa zalantzan jarri zuen beste hainbat izen agertu izanak, hala nola, Aitor Esteban eta Markel Olano. Azkenean, hamabi urteko agintaldiaren ostean, Ortuzarrek aurreko astean jakinarazi zuen uko egin diola berriz ere EBBko buru izateari, jeltzaleen batasunaren izenean. Hortaz, hauteskundeen bigarren itzulia atzo hasi bazen ere, Ortuzar prozesutik kanpo dago jadanik, eta bide eman dio Estebanek bere tokia jartzeari.

Esteban da otsailaren 26an bukatuko den bigarren itzulira igaro den presidentegai bakarra, eta badirudi, beraz, bere buruzagitza izango dela martxoaren bukaerako Asanblada Orokorrean ofizialduko dutena. Horren aurretik, afiliatu jeltzaleek EBB berritzeko euren botoa emango dute: presidentea eta zortzi burukideak hautatuko dituzte, 200 batzokitan baino gehiagotan. Otsailaren 27an eta martxoaren 6an izango dira Lurraldeko Asanbladak, eta ahaldunek horren ondoren proposatuko dituzte bigarren itzulitik ateratako hautagaiak. Azken urratsa izango da martxoaren bukaeran Donostian (Gipuzkoa) egingo duten Asanblada Orokorra, non Lurraldeko Asanbladetako ordezkariek botoa emango duten, buruzagitza berria ebazteko. Presidentea nor izango den, baina, argi dago jadanik.

Alderdian "sektore kritikotzat" jotakoak dei egin du "hautagaitza ofizialetik" kanpo dauden kideen alde botoa ematera, hala nola, Etxebarriko (Bizkaia) zinegotzi Eneko Lekueren alde. Ez zuen nahikoa babes lortu EBBko presidente izatera aurkezteko, baina burukide gisa aukeratu dezakete oraindik. Berdina da Olatz Jauregiren eta David Salinas de Armendarizen egoera.

EZ DAGO IRUZKINIK