AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
2025/10/02 10:01

Bi hilabete behar izan ditu Bingen Zupiria Barne sailburuak Arkauteko zuzendaritzaren aldaketaren inguruan hitz egiteko. Miren Dobaranek eta Amaya Angulok abuztuaren hasieran eman zuten dimisioa, karguan urtebete eskas bete ostean eta Eusko Jaurlaritzaren azalpen ofizialik gabe. Orain, Zupiriak aitortu du berak erabaki zuela EAEko polizia-akademiako buruak kargutik kentzea, Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan.

Hala ere, sailburuak ukatu egin du konfiantza faltagatik kanporatu dutenik Dobaran, eta ezeztatu egin du Arkauteren bueltan barne-mailako desadostasunak daudenik, hainbat hedabidek seinalatu izan duten modura. El Correo-k, esaterako, adierazi izan du Arkauteko "botere-talde" batzuk eta Segurtasun Saileko beste kargudun batzuk ez zeudela ados Dobaranek akademian ezarri nahi zituen aldaketekin.

Atzo Eusko Legebiltzarrean hitza hartzean, Arkauteren funtzionamendua eta zuzendari berria, Jon Goikolea, defendatu zituen Zupiriak. Esan zuen Goikolea beteranoa "oso ezaguna" dela Segurtasun Sailean, eta gogorarazi zuen Juan Mari Atutxa Barne sailburu ohiarekin aritu zela lanean.

Dobaranek eta Angulok oposizioetako suspentso masiboei, hautaketa-prozesuko irregulartasunei eta ustezko barne-gatazkei loturiko polemika publikoen erdian eman zuten dimisioa. Zupiriaren konfiantzazko kideetako bat izan da orain arte Dobaran, bederatzi urtez jardun baitute besoz beso; Kultura Sailean lehenengo, eta azken arduran gero. "Miren Dobaranekin uda baino lehen zenbait elkarrizketa izan ondoren, elkarrekin lan egiteari uztea erabaki nuen. Mirenen esku utzi nuen amaiera horren azalpenak ematea, eta hitz eman nion ez niola hitzik kenduko edo jarriko bere azalpenari", zioen atzo sailburu jeltzaleak.

EZ DAGO IRUZKINIK