Zumaian bi emakumeri eraso zien gizon batek larunbatean

Taberna batean egin zien eraso; ukituak egin zizkion emakumeetako bati, eta bestea jazarri zuen gero.
Argazki Nagusia
Argazkia: Baleike
2021eko azaroaren 5a

Beste bi sexu-eraso izan ziren Zumaian (Gipuzkoa) aurreko larunbat gauean. Taberna batean zeudela, bi emakume jazarri zituen gizon batek: haiengana gerturatu zen behin eta berriz, eta bietako bati ukituak egin zizkion gero. Erasotzaileari bultza egin zion emakumeak, baina beregana joan zen berriz. Inguruan zeudenek orduan kanporatu zuten tabernatik gizona.

Handik gutxira, ordea, leku berdinera itzuli zen, eta bigarren emakumea jazarri zuen berriz; atzetik hurbildu zen harengana. Bigarren aldiz kanporatu zuten gizona tabernatik, baina berriz sartu zen. Emakumea komunera zihoanean, beste behin jo zuen harengana erasotzaileak. Azkeneko aldiz bota zuten tabernatik orduan, eta Ertzaintzari hots egin zioten. Atxilo eraman zuten.

Urriaren 20an beste emakume bati egin zioten sexu-eraso bat Zumaiako taberna batean, eta handik gutxira atera zen argitara beste eraso bat eskualde berdinean —Urola Kostan—, Zarautzen (Gipuzkoa).


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik