AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/27 11:44

Hilabete honen hasieran jakinarazi zuten Kataluniako Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako (CDR, katalanezko sigletan) hamabi kide epaituko dituztela Espainiako Auzitegi Nazionalean, zigor-arloko salak ahozko judizioari ekitea onartu duelako azkenean. Orain, fiskaltzak egin dituen zigor eskaerak argitaratu dituzte: zortzi eta 27 urte artekoak dira.

Ministerio Publikoak zigor-arloko salari igorritako idatziak behin-behineko hainbat ondorio jasotzen ditu. Idatzi horretan, "talde terrorista bateko kide izatea" leporatzen die CDRetako zortzi kideri, baita "izaera terroristako" lehergailuak izatea eta "txikizio terroristak" egiten saiatzea ere. Zortzi lagun horientzat, 27 urteko kartzela-zigorrak eskatu ditu fiskaltzak. Beste lau auzipetuei ere egotzi die "talde terrorista bateko kide izatea", eta espetxe-zigor eskaerak egin ditu haientzat ere: zortzi urteko kartzela-zigorrak exijitu ditu, hain zuzen ere. Dena den, Amnistia Legea delakoak barne hartuko luke auzi hau.

"Erakunde gisa zuen azken helburua Kataluniaren independentzia lortzea zen, eta, horretarako, indarkeria ahalik eta adierazpenik handienean erabili zuen. Horrela, erakundeak behartu zituen, modu hertsagarrian, Katalunia Espainiatik bereizteko", esan du Miguel Angel Carballo fiskalak aipatutako idatzian. Gaineratu du "Erantzun Taktikoko Talde" (ERT, gaztelerazko sigletan) baten parte zirela auzipetuak, eta "parte-hartze aktiboa" izan zutela CDRen ekintza "bortitzenetako" batzuetan. Ekintza horien artean aipatu ditu, esaterako, autobideetako ordainlekuetako hesiak altxatzea edota C-55 errepidean olioa isurtzea.

2019ko irailean atxilotu zituzten auzipetuetatik bederatzi. Azkenean, osotara, hamahiru lagun atxilotu zituen Poliziak, Judas operazioa delakoaren barruan. Haietako baten kontrako auzia bertan behera utzi zuten duela urte eta erdi, eta, beraz, gaur egun, hamabi dira auzipetuta dauden pertsonak.

EZ DAGO IRUZKINIK