AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/23 08:39

Gazako Zerrendako oldarraldi militar masiboaren eskutik, Zisjordanian ere okupazioa areagotzen ari da Israelgo Estatu terrorista. Foku nagusiak Gazan jarrita dauden honetan, Zisjordaniako lur okupatuetan kokaleku gehiago eraikitzen ari dira sionistak, isilean. Itxuraz, 60 kolonia berri baino gehiago jarriko dituzte kolonoek, indar militar sionisten laguntzarekin.

Besteak beste, 2005etik debekatuta zeuden eremu batzuetan eraikiko dituzte sionisten egonleku berriak, iparraldean. Urte horretan, nazioarteko zuzenbideak legez kontrakotzat jo zituen Zisjordaniako eta Gazako Zerrendako hainbat kolonia, eta bota egin zituzten. Ordutik, kolonoek blokeatuta izan dituzte eremu horiek; lau zona dira, zehazki.

Dena den, 2023an ahalbidetu zieten kolonoei lau eremu horietako bat berriz ere hartzea, kokalekuak jarrita. Eta, orain, gainerako hiru eremuetan ere izango dute aukera berdina, sionisten agindu militar bati esker. Aurreko urtean jarri zituen horretarako oinarriak Israelgo Parlamentuak (Knesset): legez, kolono sionistek debekatuta zeukaten 2005ean utzi behar izan zituzten Zisjordaniako lurretara itzultzea eta horiek berriz ere okupatzea, baina lege hori indargabetu zuen iaz parlamentu sionistak.

Yoav Gallant Defentsa ministro sionistaren esanetan, kokalekuen "erretiratzea" gelditu eta horiek "lehengoratu" nahi dituzte, modu argi batean: kolonia berriak sortzea eta kolonoei horretarako "segurtasuna ematea".

Kolonizazioa azken hilabeteetan

Honakoa ez da, baina, iazko urritik hona sionistek Palestinaren okupazioan egindako urrats bakarra: Gazako Zerrenda sarraskitzen zuten bitartean, kolonia gehiago jarri dituzte Zisjordanian. Joan den otsailetik hona, gobernu sionistak estatuaren eremu gisa izendatu ditu 1.097 hektarea, eta horietan guztietan egonleku sionista berriak eraikitzea erraztuko du horrek.

Egunerokoan, Israelgo Administrazio Zibila delakoak (Defentsa Ministerioaren parte da) kudeatzen du kolonizazio sionista. Otsailean, estatu sionistaren eremu modura izendatu zituen Maale Adumim eta Keidar kolonien artean dauden 264 hektarea, Jerusalem ekialdean. Handik hilabetera, Jordango Haraneko beste 800 hektarea jo zituen estatu-mailakotzat, eta beste dozenaka lapurtu ditu gerora ere.

2024a da, 90eko hamarkadatik hona, Palestinaren kolonizazioan pauso gehien eman diren urtea; nahiz eta oraindik ez den urte erdia ere igaro. Adibidez, 2018tik 2023ra bitartean, 2.400 hektarea kolonizatzeko mugimenduak egin zituzten agintaritza sionistek. Kopuru horren erdira heldu dira jada 2024ko lehen hilabeteetan.

Kolono sionisten eraso faxistak

Palestinaren okupazioa ez dute agintaritza eta indar militar sionistek soilik gauzatzen: horretan eginkizun aktiboa dute kolonoek ere, nahiz eta nazioarteko sionismoak sarri "zibil israeldartzat" jotzen dituen. Lur palestinarretan legez kontrako nahiz legezko egonlekuak sortzeaz gain, etengabeak dira kolonoek palestinarren kontra egindako eraso faxistak, militarren laguntzarekin.

Palestinarren herritxoetara indarrez sartu eta erail eta zauritu egiten dituzte; euren askotariko jabetzak suntsitzen dituzte, hala nola etxebizitzak eta lur-sailak, eta abar. Nazio Batuen Erakundearen arabera, urriaren 7tik hona, palestinarren kontrako 848 eraso egin dituzte kolonoek. Gutxienez hamazazpi palestinar erail dituzte.

Kolono horien jarduteko modua argi erakusten dute azken asteetan hedatu diren irudiek ere: nazioarteko zenbait lekutatik ari dira palestinarrentzako laguntza humanitarioa helarazi nahian Gazako Zerrendara, baina hura blokeatzen ari dira bai agintaritza sionistak bai kolonoak. Azken horiek, hain justu, laguntza humanitarioa daramaten kamioiei eraso egiten ari dira.

EZ DAGO IRUZKINIK